Irura, xarearen hiriburu

Imanol Garcia Landa 2023ko irailaren 30a

Sebas Etxeberri eta Mikel Funosas bikoak irabazi du nagusien mailako V. San Migel Xare Irekia.

Irurako San Migel festen barruan antolatzen dira San Migel Xare Irekia Irurako Udala Sariaren finalak, eta gaur eguerdian Ametsa trinketean goi mailako xarea ikusteko aukera izan da. Nagusien mailan 40-35 gailendu dira Sebas Etxeberri eta Mikel Funosas bikoa, eta txapeldunorde Jon Larronde eta Sebas Moncada izan dira. Partida lehiatua izan da eta markagailuan hainbat berdinketa izan dira. Azken txanpan txapeldunak finago aritu dira eta saria eskuratu dute. Biek lehen aldiz irabazi dute San Migel Xare Irekia.

Gazteen mailako III. San Migel Xare Irekiaren finala ere nahiko borrokatua izan da, baina azkenean Oxan Halsouet eta Xuban Lopetegi bikoak irabazi dute, 40-31 gailenduz Unai Telletxea eta Oier Iturbe bikoaren aurka. Halsouet, hamabost urte izan arren, nagusiekin ere lehiatzen ari da azkenaldian, eta gaurkoan ere erakutsi du koxka bat gainetik dagoela.

Beste final bat ere jokatu da gaurkoan. Izan ere, lehenengo aldiz jokatu da gaztetxoen mailako San Migel Xare Irekia. Bertan Paule Fernandez eta Alaine Larrarte bikoak 30-14 irabazi die Martina Flores eta Irati Zabala bikoari.

Hemen ikusi daitezke hiru finalak

Erlazionatuak

Mikel Funosas txapeldunaren hitzak

Imanol Garcia Landa 2023 ira 30 Irura

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!