Euriak ez du herensugearen eta irurarren sugarra itzali

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 22a, 19:42

Gaur arratsaldean hasi dira Irurako San Migel festak; irailaren 30a bitarte luzatuko dira. Euria izan da protagonista, baina ez da nahikoa izan herritarrei festarako gogoa kentzeko.

Irura Moretuz talde feministak izan du gaur suziria lehertzeko ohorea, herriko San Migel festetan. Gaur hasi eta bi asteburuz luzatuko dira, hilaren 30a bitarte. Datozen egunetan, betaurreko moreak jantzita edukiko dituztela esan dute, eta herritarrak ere gonbidatu dituzte horiek janztera. Parekidetasunean eta errespetuan oinarritutako jaiak izatea nahi dutela aldarrikatu dute, eta eraso sexistaren bat gertatuz gero herriko emakumeak erantzuteko prest egongo direla esan dute.

Behin suziriak lehertuta, puxiken eta gozokien txanda izan da, herensugea kanpandorretik udaletxeraino jaisten zen bitartean. Eta gero, Loatzo Musika Eskolako musika bandaren laguntzaz, buruhandiak kalera irten dira. Kalejira egitea zen hasieran asmoa, baina eguraldiagatik karpa azpian aritu dira musikariak.

Gauean, barrikotea egingo dute; berez, plazan egin ohi da, baina eguraldiaren arabera, baliteke frontoian egitea. Ondoren erromeria izango da plazan Iratzar taldearekin. Bihar, gazte-festaren txanda izango da; besteak beste, eguerdian, dantza-soka egingo dute plazan. Igandean, berriz, patata tortillaren eta sagardo dastaketaren txanda izango da.

Ikusi hemen asteburu honetarako egitaraua:

 

  • Irailak 22, ostirala
    • 18:30. Agurra, txupinazoa eta herensugearen jaitsiera.
    • Ondoren. Kalejira buruhandiekin, erraldoiekin eta Loatzo musika eskolako musikariekin.
    • 19:00. III. Gazteak Xare Irekia eta V. San Migel Xare irekia Irurako Udala Sari Nagusia torneoen finalerdiak trinketean.
    • 21:00. Barrikotea San Migel plazan.  
    • Ondoren. Iratzar taldearen emanaldia plazan. 
  • Irailak 23, larunbata
    • 09:00. Gazte-festaren hasiera San Migel Plazatik.
    • 11:00 - 13:00 eta 15:30 - 18:30. Haur-parkea ikastolako patioan.
    • 13:00. Gazteen dantza-soka San Migel Plazan.
    • 14:00. Haurren bazkaria San Migel Plazan.
    • 17:00 - 20:00. Beldur barik gunea San Migel Plazan.
    • 18:30 - 20:30. Poteo musikatua Zutik elektrotxarangaren laguntzarekin.
    • 23:30. Kontzertua Los Zopilotes Txirriaos eta Muxutruk taldeekin.
  • Irailak 24, igandea
    • 11:00. Patata-tortila lehiaketak haur eta helduentzat San Migel Plazan.
    • 12:30. Plaza Abordaia kale antzerkia Deabrukeriak taldearen eskutik San Migel Plazan.
    • 15:30 - 17:30. BeatBox eta Hip Hop DJ tailerra eta erakustaldia Orodreth Euskadiko beatboxer txapeldunarekin.
    • 18:00. Onintza abesbatzaren emanaldia.
    • 19:00. Sagardo dastatzea San Migel Plazan.

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!