Elkarrizketa

«Garrantzitsua iruditzen zaigu talde feminista bat egotea Iruran bertan»

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 20a, 07:58

Herriko festetan betaurreko moreak jantzita edukiko dituztela esan dute Irura Moretuz taldeko Begoña Vazquez Marinek eta Edurne Ayuso Apaolazak. Talde horrek botako du etzi festen hasierako txupinazoa. Eraso sexistaren bat gertatuz gero herriko emakumeak erantzuteko prest egongo direla esan dute.

Nola jaso duzue txupinazoa botatzeko ohorea?

Begoña Vazquez: Ezin sinetsi. Guretzako izugarrizko ohorea da txupina botatzea Irurako festetan. Ohorea eta ardura sentitzen dugu.

Zerbait esateko asmoa duzue udaletxeko balkoira ateratzerakoan?

Ayuso: Bai. Plaza guztia guri begira egongo da eta baliatuko dugu aukera. Marina Etxarri gure kideak irakurriko du pregoia eta ondo aukeratutako hitzak botako ditu.

Vazquez: Gure taldea sortu berria da, ez daramagu hainbeste denbora eta gure lana aintzat hartu izana eskertzekoa da. Are gehiago pozten gara, ikusita partaidetza prozesu baten ondoren erabaki dela nork bota suziria.

Zein mezu zabalduko duzue festen hasieran?

Vazquez: Gauza ezberdinak aipatuko ditugu, baina azpimarratuko dugu aurten festen aurretik martxan jarri den parte hartze prozesua. Eraso sexistei aurre egiteko protokoloa izan da prozesu horren emaitza eta indarra hor jarri nahi dugu. Argi adieraziko dugu Iruran, festen testuinguruan, eta bestela ere, ez dugula eraso sexistarik onartuko. Gertatuz gero, gainera, feministok esku hartuko dugu.

Noiz eta nola sortu zen Irura Moretuz?

Vazquez: 2019an kokatuko nuke sorburua. Azaroaren 25aren bueltan udaletik mahai-inguru bat antolatu zuten indarkeria sexistaren inguruan. Esparru eta adin ezberdineko herriko zenbait emakume bildu ziren saio hartan euren iritzia emateko eta ekitaldiak arrakasta handia izan zuen. Arrastoa utzi zuen mahai-inguru horrek eta dagoneko talde feminista bat sortzeko ideia hasi zitzaigun bueltaka. Gero, pandemia etorri zen, itxialdia, eta orduan ere ez zen gogo hori apaldu. Nahiz eta norbera bere etxean egon, antolatu genituen zenbait ekintza. Behin aldi hori amaituta, mugimenduari jarraipena eman behar zitzaiola iruditu zitzaigun. Talde eragilea sortu genuen gidaritza lanetarako eta martxan jarri ginen. Nahia bagenuen eta ikusten genuen behar handia zegoela herrian feminismoaren arloan eragiteko.

Nola antolatzen zarete taldean?

Ayuso: Bost emakume biltzen gara talde eragilean eta saiatu gara bertan belaunaldi ezberdinak islatuta egoten. Hilean behin biltzen gara, gutxi gora behera. Koordinazio lana egiten dugu bertatik, baina atzean talde zabalago bat dago. 60 emakumetik gora egongo gara Irura Moretuzen. Nahikoa talde handia da gurea bezalako herri txiki batentzat.

Vazquez: Gainera, herrian antolatzen diren beste ekitaldietan ere parte hartu nahi izaten dugu geure ekarpena eginez. Irurako Kultur Mahaian hartzen dugu parte beste eragileekin batera eta beti presente egoten saiatzen gara. Gure aldarrikapenak ikusarazi nahi izaten ditugu herrian egiten diren ekitaldietan.

Ayuso: Emakume asko gara baina gustatuko litzaiguke gehiago izatea. Horregatik deialdia egin nahi diegu Irurako emakumeei lotsarik gabe gerturatu daitezen. Feminismoaren bidean sakontzeko egindako proposamen guztiak ongietorriak izango dira.

Urteotan egindako zein ekimen azpimarratuko zenukete?

Vazquez: Gauza dezente antolatu ditugu. Martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko ekitaldiak urterokoak izaten dira, baina Irurako historian zehar garrantzitsuak izan diren emakumeen ekarpena azalduz antolatu genuen ibilbidea azpimarratuko nuke nik garrantzitsu gisa.

Ayuso: Bai, ederra izan zen hori. Eskolakoek ere unitate didaktikoa osatu zuten ibilbidearekin eta proiektua aurkeztu genuen egunean adineko emakumeak nola bizi izan zuten ikustea guretzat pozgarria izan zen. Memoria egitea garrantzitsua da eta ekimen horrek balio izan zigun kontzientzia hartzeko. Ordura arte, asko ez ziren jabetuko zenbateko ekarpena egin duten herriko emakume askok. Aurrera egiteko atzera begiratu behar da eta egindako lan hori baloratu.

Nola ikusten duzue indarkeri sexistaren aurkako protokoloa osatzerakoan, beste eragileek izan duten parte hartzea?

Vazquez: Sekulakoa izan da eta oso positiboa. Ia eragile guztiek hartu dute parte; konpromisoz eta serio hartu dute lana. Gai honen inguruan mahaiaren bueltan jende kopuru bat hausnartzen jartzea bada aurrera pausoa.

Ayuso: Dena den, albisterik onena protokoloa martxan jarri behar ez izatea izango litzateke.

Zein erronka dauzkazue aurrera begira?

Ayuso: Asko. Oraindik ere patriarkatua gure gizartearen sustraietan errotuta dago eta horregatik iruditzen zaigu garrantzitsua herritik bertatik lanean hastea. Garrantzitsua da eta beharrezkoa, ezinbestekoa, talde feminista bat egotea Iruran.

Vazquez: Eskualdeko gainerako talde feministekin saretuta gaude eta parte hartzen dugu antolatutako ekimenetan. Etxetik hasi behar da, dena den, gerora pauso gehiago emateko.

Ayuso: Poliki-poliki emaitzak ikusten joatea espero dugu, eta atzetik datozen belaunaldiengan espero dugun begirada berri hori, neurri batean guk Irura Moretuzen egingo dugun lanaren emaitza izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!