Irurako Udalak herriko jaietan eman daitezkeen indarkeria sexista kasuen aurrean erantzuteko herri mailako protokoloa aurkeztu du. Herritar guztien eskura informazio "gardena eta eraginkorra" jarri nahi dute udal ordezkariek eta protokoloa osatzen jardun duten eragileek, indarkeria sexista kasu baten aurrean nola jokatu jakiteko. Hiru esparru jorratzen ditu protokoloak: Jai giroan eman daitezkeen eraso sexisten inguruko prebentzio lana bideratzea; biktimari arreta egokia eman ahal izateko baliabide eta urrats egokiak eta zehatzak finkatu eta herritarren eskura jartzea; eta erantzun instituzionala eta publikoa antolatzeko irizpideak finkatzea.
Horretarako indarkeria sexista deuseztatzeko baliagarriak diren baliabideak finkatu dituzte protokoloan. Alde batetik, herritarren inplikazioa eta esku hartze zuzena sustatzen duten bideo bat grabatu dute eta jaietan esanguratsuak diren hainbat ekimenetan proiektatuko da. Bestalde, eraso baten aurrean eman beharreko urratsak jasotzen dituen orria ere jarriko dute, bertan modu grafikoan azaltzen dira hartu beharreko erabakiak. Azkenik, irailaren 23an, larunbata, Gune Morea izeneko kokatuko dute herriko plazan 17:00etatik 20:00etara.
Udal ordezkariek onartu dute indarkeria sexistari aurre hartzearen ardura instituzioek dutela, baina Noelia Lataburu Berdintasun zinegotziak adierazi du, herritar guztien inplikazioa ezinbestekoa dela, indarkeria hori desagerrarazi eta erabat deuseztatzeko. "Horregatik, protokoloak oinarri sendoak behar zituela jakinik partaidetza prozesu bat jarri genuen martxan". Irurako ordezkari politikoek eta teknikariek, Kultur Mahai osatzen duten elkarte eta kide ezberdinek hartu dute parte lan saioetan. "Lan saio desberdinetan sakondu, landu eta sortutako tresna da protokoloa".
Dokumentua aurkezteko agerraldian Irura Moretuz taldeko kide eta Kultur Mahaian parte hartzen duen Edurne Ayusok adierazi du, elkarlanean sortutakoa izatea dela protokoloak duen balio erantsia. "Esku artean dugun tresna hau sortzeko eztabaidatutakoak, hausnartutakoak eta oro har egindakoak uzten du agerian dokumentuak berak duen balioa".
Irura Moretuzeko kideen ustetan, oraindik ere indarkeria sexistaren inguruko adierazpenak ematen dira jaietan eta hauei aurre hartzeko tresna egokituak behar dira, "gure errealitateari egokituak". Irurako eragileek errealitatearen inguruan duten ezagutzak oraindik ere balio handiagoa ematen dio protokoloari Ayusoren esanetan. "Ez dadila dokumentu hutsean geratu eta izan dadila indarkeria sexistaren aurkako jarrera aktibo eta erantzunkidea bideratzeko gai den tresna".
Herritarrek eraso sexisten aurrean duten esku hartze ahalmena bideratzeko eraginkorrak diren baliabideak biltzen ditu aipatutako protokoloak eta ostiralean abiatuko diren jaietan jarriko da martxan. Gorka Murua alkateak San Migel jaiak, "aske, ilusioz, errespetuz eta berdintasunean" gozatzeko desioa luzatu die herritarrei.