Jaiak abiatzeko dena prest dute

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 15a, 11:58

Irurako Udalak eta Kultur Mahaian biltzen diren eragileek aurkeztu dute aurtengo Sanmigel jaietako egitaraua.

Irurako jaiak datorren astean abiatuko dira. Festak aurkezteko agerraldia egin dute Irurako Kultur Mahaian biltzen diren elkarteetako eta udaleko ordezkariek. Gorka Murua alkateak eskerrak luzatu dizkie mahaian biltzen diren eragileei, "egitarau erakargarri bat osatzeko egin duten ahaleginagatik". Duela hilabete batzuk hasi ziren antolaketa lanetan eta alkateak gogoan izan ditu festak aurrera ateratzeko industriaguneko enpresa, herriko negozio eta saltokiek emandako laguntza. Egunotan lanean ibiliko diren boluntarioekin ere akordatu da Murua eta haiek egingo duten lana eskertu du.

Idoia Garaialde zinegotziak azaldu du nola erabaki duten herrian festei hasiera emateko txupina nork bota. "Prozesu ireki bat zabaldu genuen eta herritarrek erabaki dute Irura Moretuz talde feministak hartzea festen hasierako suziria pizteko ardura". Duela urte gutxi sortu zen Irura Moretuz eta Garaialderen iritzian, "aurretik hutsik zegoen espazio bat bete du eta berdintasunaren arloan lan handia egiten ari da. Herritarrek balioa eman diote lan horri eta horregatik erabaki dute txupinazoa botatzeko ohorea Irura Moretuzi ematea".

Eskertuta agertu da talde feministako Marina Etxarri. "Pozez, ilusioz eta arduraz hartzen dugu txupina botatzeko egin diguten gonbidapena. Eskerrak ematen dizkiogu herriari". Duela urte batzuk sortuta egon arten Irura Moretuzek aurrera begira oraindik ere ibilbide luzea duela uste du Etxarrik. Indarkeria matxistari aurre egiteko eta emakumeen aldarrikapena kalean presente egon dadin egin du lan Irurako talde feministak urteotan, eta festetan ere, jai gunea espazio segurua izan dadin lan egingo dute. "Denek, mesedez, errespetuz jokatu festetan".

Eraso matxisten aurkako protokoloa jarriko du martxan Irurako Udalak aurten eta datozen egunotan emango ditu horren inguruko xehetasunak. Dena den, Garaialdek inguruko herritarrei Irurara gerturatzeko deia luzatu die, "errespetuz eta berdintasun giroan beti ere".

Mezu bera errepikatu du alkateak: "Ilusioz, errespetuz eta berdintasun giro batean une bereziez gozatzea desio dizuet herritar guztiei. Herensugearen erretzearekin batera, keak airean bezala, bizipenek bere bidea egin eta gure memorian atseden hartu arte goza dezagun".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!