Emakume artisauen lehenengo azoka egingo dute Iruran

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 12a, 07:59

Nomadak gaitun Dinagu emakume sortzaileen kolektiboak antolatutako azoka ibiltariaren irudia. Argazkia: Uztarria

Igandean egingo dute Irura Moretuz talde feministak antolatutako azoka; 28 emakume artisauen lanak erakutsiko dituzte, euren lanari aitortza egin nahian.

Irura Moretuz talde feministak emakume sortzaileen azoka antolatu du iganderako. 10:00etatik 14:00etara herriko plazan 28 postu izango dira ikusgai. Noelia Lataburu talde feministako kideak azaldu duenez, emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna ematea da ekimenaren helburua.

Erronka bat da Irura Moretuzentzat igandeko azoka antolatzea. «Ilusioz ari gara prestaketa lanetan eta arrakasta izatea espero dugu, jendeak erantzun ona ematea», esan du Lataburuk. Ezagunak zituzten kontaktuetatik abiatu eta azoka xume bat antolatzea zuten hasierako asmoa, baina pixkana hazi egin da eta emakume artisau asko gerturatuko zaizkie igandean: «Sortzaileek elkar ezagutzen dute, eta azoka antolatzeko gure asmoa ahoz aho iritsi da artisau berriengana».

Guztira 28 postu izango dira eta Irura Moretuzeko kideen esanetan, «askotarikoak» izango dira bertan ikusgai eta salgai izango direnak. Zeramika, bitxiak, jantziak, pinturak, jostailuak, egur lanak eta kristalarekin egindakoak izango dira. Horrekin batera, ogia eta Anoetako talogileek egindako taloak ere eskainiko dituzte. Postu guztiak Irurako plazaren bueltan antolatuko dira eta eguraldi txarra egingo balu, pilotalekura aldatuko lukete azoka.

«Antolaketa guztia gure esku geratu da. Goizean goiz egin dugu hitzordua eta 09:00etarako gerturatuko dira artisauak. Ordurako mahaiak prest edukiko dituzte. Eguerdian guztia bildu eta txukun utziko dugu. Taldeko emakume asko ariko gara borondatez lanean», dio Lataburuk. Emakumeek hartuko dute plaza, beraz, datorren igandean.

Aurtengoa lehen urratsa izatea espero dute antolatzaileek: «Ikusiko dugu zer moduz doan igandekoa. Egia da garai honetan eskualdean azoka asko izaten direla eta urria data egokia ote den begiratu beharko dugu. Espero dugu edizio askotako lehenengoa izatea aurtengoa». Herrian Maiatza Kulturalaren barruan urtero antolatzen duten azokan nahiz eta emakume sortzaileek parte hartzen duten, oraingo honetan, emakumezko artisauak jarri nahi dituzte erdigunean. «Produktuetan baino sortzaileetan egin nahi dugu azpimarra», esan du Lataburuk.

Aurrera begirakoak

Irura Moretuz taldeak aurreratu du, azaroan, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren inguruan ekitaldi batzuk antolatuko dituztela. «Urtero bezala elkarretaratzea egingo dugu eta gaiaren inguruko bertso saio berezi bat antolatuko dugu». Jabetze eskolaren barruan, Uxue Urzelaik konpresa berrerabilgarriak nola egin erakusteko tailerra eskainiko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!