ELKARRIZKETA

«Nik azokak ulertzen ditut saretze bat bezala, humanoa eta kolektiboa»

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 12a, 07:58

Zorione Mendez Martin (Orio, 1988) sortzaile eta hezitzaile gisa aritzen da eta Usurbilen bizi da. Gustura hartuko du parte Irurako emakume artisauen igandeko azokan.

Nola jaso duzu gonbidapena azokan parte hartzeko?

Irura Moretuz talde feministako kide batek egin zidan gonbita parte hartzeko eta azokak gustuko ditudanez baiezkoa esan nion. Taldekoek galdetu zidaten ea emakume sortzaile gehiago ezagutzen ote nituen eta batzuekin harremana badudanez, haien kontaktua pasa nien. 

Elkarren ezaguera baduzue emakume artisauok? 

Bai. Dinagu emakume sortzaileen kolektibo bat ere badago osatuta eta talde horren bitartez azoka batzuk antolatzen dira batean eta bestean. Nik badut harremana kolektiboarekin eta iaz Donostiako Teila fabrikan eguberrietan egin zen azokan parte hartu nuen. 

Emakume artisauen azokak asko izaten al dira?

Tokatu izan zait azoka batzuetan parte hartzea non gehiengoa emakumeak izan garen. Baina Donostiakoaz aparte, Irurakoa izango da emakume sortzaileen lanez soilik osatutako nire lehenengo azoka.

Azokak zuzeneko harremana bermatzen dizue. Inportantea da hori zuen lanerako?

Artea eta sormenaren mundu hau ezagutarazteko okasio guztiak dira onak eta niri asko gustatzen zaizkit azokak. Harreman zuzena dugu jendearekin eta azoketan elkarrizketa batzuk sortzen dira, sare sozialetakoekin zerikusirik ez dutenak. Beharrezkoa ikusten dut kontaktu fisikoa egotea saltzaile eta eroslearen artean, edota nahiz eta ez erosi, gerturatzen den jendearen artean. Gertutasuna bermatzen du azokak.

Herriz herri egiten diren azokak zuentzako zer dira erakusleiho? Salmentarako gune?

Nik egiten ditudan produktuak ez dira guztiz komertzialak eta zailak dira salmentarako. Baina jendeak agertzen du interesa eta beti gerturatzen zait baten bat galdezka. Kuriositatea badute eta eskertzen dute azalpena.  Nik azokak ulertzen ditut saretze bat bezala. Espero ez duzun jende bat topatzen duzu plaza horretan, ezustekoak egoten dira, adin ezberdinetako pertsonekin egiten duzu harremana eta nahiz eta agian saldu ez, hurrengo lantxo baterako bidea ematen dizute han ezagutu dituzun lagunek. Saretze polit bat da, humanoa eta kolektiboa.

Pandemia garaian etenda egon dira azokak. Kalte handia egin dizue horrek?

Nik, zorionez, erakusketa batzuk antolatu ditut pandemia garaian eta pertsonalki ez zait gaizki joan, baina sumatzen nuen azoken falta.

Zer ekarriko duzu zuk Irurara?

Artea eta sormenarekin lotuta, hezkuntza arloan aritzen naiz. Sormena konstruktiboa eta kritikoa sustatzen saiatzen naiz. Azken aldian, Euskal Herrian arriskuan diren hegazti eta narrastiak interpretatzen ditut eta modu artistikoan ematen ditut irudiak. Teknika asko erabiltzen ditut. Boligrafo beltza da nire erreminta nagusia eta paperaren gainean egiten ditut irudiak, margotu baino gehiago marraztu egiten dut. Irudi horiek oinarri hartuta, serigrafia egiten dut tarteka Usoa Zumetaren estudioan, eta irudi hori beste euskarrietara eramaten dut, kamiseta, poltsa, koaderno eta bestelakoetara. Joskintza ere ikasi nuen eta arropak kustomizatu eta birziklatzen aritzen naiz. Marrak da nire marka.

Azokarako kartela osatu duzu. Zer adierazi duzu bertan?

Ez du nire esentziarekin zerikusirik. Lehen aldia da irudi digital bat hartzen dudana saretik eta nire erara moldatzen dudana. Ni teknologia berriekin ez naiz oso ondo moldatzen, eskuz aritzen naiz gehienbat. Hala ere, probatu nahi nuen, animatu nintzen eta nire erara interpretatu dut. Emakumea loratzen ari garela adierazi nahi nuen. Horregatik egin dut kartel koloretsu bat.

Nola gonbidatuko zenuke jendea iganderako?

Uste dut herriko bizitza mantentzeko beharrezkoak direla azokak. Ez genituzke galdu behar. Plazaratu egin behar dugu, bizitza eta elkartasuna plazetan dago, ez sareetan. Jende ezberdinarekin harremana izateko bide ematen digu. Interesanteagoa da bertan topatzen duguna, errealagoa da, bizipenak dira, azken batean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!