Joxi Lopetegi txapelaren lehian izango da

Imanol Garcia Landa 2022ko irailaren 29a

None
Joxi Lopetegi txapelaren leh 1 1664445016817
Joxi Lopetegi txapelaren leh 2 1664445017398
Joxi Lopetegi txapelaren leh 4 1664445018424

Larronde-Borteyru I eta Lopetegi-Moncada bikoteek jokatuko dute larunbat eguerdian IV. San Migel Xare Irekiaren finala.

Asteburuan erabaki ziren Irurako IV. San Migel Xare Irekiaren finalistak eta bertan izango da Joxi Lopetegi herritarra. Moncadarekin batera jokatuko du eta aurrean izango dituzte Larronde eta Borteyru I.a. Jaialdia larunbatean izango da, Ametsa trinketean. 12:30ean hasiko da, eta gazteek jokatuko dute lehen partida. Ondoren izango da nagusien finala.

Aukera handiak zituzten bi bikote horiek finalean izateko, Mikel Uzkudun Ametsa Pilota Elkarteko kideak azaldu duenez: «Lopetegi hasiera batean Funosasekin jokatzekoa zen, eta horrela izan balitz, finalera sartzeko hautagaiak izango lirateke. Azkenean Moncadarekin jokatu du, bikote oso ona osatu dute eta merezimendu osoz sartu dira finalera. Bestetik, Larronde eta Borteyru I.a ere txapelketa hasi aurretik finalerako kinieletan sartzen zen bikotea zen. Partida guztiak irabazi dituzte bi bikoteek».

Txapelketan zehar ez dute elkarren aurka jokatu bi bikoek, eta finala parekatua izango dela esan du Uzkudunek: «Bakoitzak dakien bezala jokatzen badu, partida ikusgarria ikusteko aukera izango dugu. Lau pilotariek maila oso ona dute, eta bikain jokatzen dute xarean. Gero, ikusi egin behar da zer gertatzen den finalaren egunean».

Izan ere, xarelari onenek jokatzen dute San Migel Xare Irekian. «Laugarren urtea da txapelketa antolatzen dugula eta munduko pilotaririk onenak etorri dira Irurara jokatzera», esan du Uzkudunek. Goi mailako jokalari gehienak Iparraldekoak dira eta dagoeneko ohituta daude Irurako Ametsa trinketean jokatzera.

GAZTEAK ERE BAI

Nagusiekin batera, xarelari gazteek ere jokatuko dute finala. II. Gazteak Xare Irekia dago jokoan, eta jaialdiaren lehen partida jokatuko dute finalistek. Arrizabalaga-Mujika bikoak Halsouet-Iturbe bikoaren kontra jokatuko du II. Gazteak Xare Irekiaren finala. "Faborito argirik gabeko finala izango da. Oso maila ona dute gazteek», esan du Uzkudunek. «Etorkizuneko goi mailako xarelariak izango dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!