Xare Irekien finalak jokatuko dira larunbatean, Iruran

Erabiltzailearen aurpegia Ametsa Pilota Elkartea 2022ko irailaren 29a

II. Gazteak Xare Irekia eta IV. San Migel Xare Irekia/ Irurako Udala Sari Nagusia jokatuko dira larunbatean, 12:30ean, Irurako Ametsa trinketean.

Arrizabalaga-Mujika bikoak Halsouet-Iturbe bikoaren kontra jokatuko du II. Gazteak Xare Irekiaren finala. Faborito argirik gabeko finala izango da. Bi bikoak finalerdietan (40-32/40-29) erakustaldiak emanda iritsi dira finalera. Partida lehiatua izatea espero da, eta lau pilotariek euren maila ematen badute, partida ikusgarria ere ikusiko dugu. Egun xareko bi eskola nagusietako pilotariak izango ditugu lehian; laurak, Urruñako eta Irurako biko mistoak dira. Ioritz, urruñarrak, Markel, Irurarrara izango du lagun, eta Oxan, urruñarrak, Oier, irurarra. Interesgarria zinez!
 
Hau amaitutakoan, ikusmina sortu duen IV. San Migel Xare Irekiaren finala jokatuko da; Larronde-Borteyru bikoak, Lopetegi-Moncada bikoaren kontra jokatuko du. Partida honetan ere ez dago faborito argirik. Bi bikoek ez dute elkarren kontra jokatu oraindik, hau izango dute lehen aldia, eta txapelketan jokatutako partida guztiak irabazita datoz bi bikoak. Jon Larrondek eta Oihan Borteyruk beti ematen dute berea; oso pilotari finak, seguruak eta tantu egile apartak dira biak. Horretaz gain, tantua ere ez dute erraz galtzen, eragin behar zaie, oso gutxitan huts egiten baitute. Biko handi honen aurka, Joxi Lopetegi eta Sebas Moncada bikoa izango da. Joxik ere emango du berea, ziur; pilotari segurua eta tantu egile aparta izanik, ez du hutsik egingo, eta, gainera, herritarren laguntza ere izango du. Hortaz, Sebas Moncadak ematen duen mailan dagoela partidaren gakoa esango nuke; Jonen eta Oihanen erasoaldiari eustea lortzen badu, final ikusgarria ikusiko dugu. Ea horrela den!

Hortaz, larunbatean, Irurako Ametsa trinketean, 12:30ean dugu hitzordua. Espero zaituztegu, mereziko du eta!!!
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!