Kirol pistaren lanak finantzatzeko laguntzak jaso ditu Irurako Udalak

Ataria 2022ko mar. 3a, 14:28

Obraren kostua 147.877 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntzei esker, 145.657 euro finantzatu ahal izan ditu Irurako Udalak.

Irurako frontoiaren alboan kokatuta dagoen kirol pista berriaren lanei aurre egiteko diru laguntzak jaso ditu Irurako Udalak. Hainbat deialditan parte hartu ondoren, duela aste batzuk jaso dituzte eskaeren aldeko ebazpenak. Ia obraren kostu osoa estali ahal izan du udalak jasotako diru laguntzekin.

Kirol anitzeko pista eraikitzeko lanek 147.877 euroko kostua izan dute eta hiru laguntza jaso dituzte obra finantzatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendaritzak 4.347 euroko laguntza eman du, Gipuzkoako Lurralde Historikoan Bizikleten eta  Oinezko Bideen Udal Sarea garatzeko programaren barruan. Horrekin batera, erakunde bereko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamendutik ere 83.924 euro jaso ditu udalak, kirol instalazioetan obrak egin ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren Erein programara proiektua aurkeztu ondoren, Irurako Udalak 57.385 euro jaso ditu, erakunde publikoei zuzenduak diren diru laguntzetan, G6 mailan sailkatutako landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko.

Orotara, 145.657 euro jaso dituzte kirol pista egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!