Hondakinen bilketan arau hausteak zigortzen hasi da Irurako Udala

Ataria 2021eko abenduaren 10a

Jokaera desegokien aurrean heziketa lana egiteko asmoz hartu du neurria udalak; 10.000 euroko gainkostua dakarkio udalari gaizki ateratzen diren hondakinak biltzeak.

Hondakinen bilketa araudiaren lege hauste ugari egiten direla ikusita, Irurako Udala arau hausteak zigortzen hasi da, "jokaera desegokien aurrean heziketa lana egiteko asmoz". Udal arduradunek aipatu duenez, zerbitzua egoki erabiltzeko informazioa era askotara zabaldu du udalak orain arte, ohar, kartel, bando, informazio panel, aplikazio eta webgunearen bitartez. Udalaren ustetan bide hauek ez dira nahi bezain eraginkorrak izan eta horregatik arau hausteak zigortzen hasteko erabakia hartu du.

"Tolosaldeko Mankomunitateari zabor bilketa zerbitzuarengatik ordaintzen zaion kopuruaz gain, 10.000 euro gehiago ordaindu behar izaten ditu udalak, gaizki ateratzen edo lurrean utzitako hondakinak biltzeagatik", esan du Gorka Murua alkateak. "Zerbitzu eta aukera zabala dute eskura herritarrek hondakin guztiak behar bezala kudeatzeko. Oker egindako jokaerengatik, kudeaketa ondo egiten dutenen lana zapuztu egiten da".

Arduraz jokatzeko eskaera egin du alkateak. "Ingurumena zaintzea guztion lana eta ardura da eta norberaren etxetik hastean da". Bide batez, kontuan hartu beharreko oinarrizko arauen berri eman du:

  • Hondakin guztiak edukiontzi barruan sartu, ez utzi lurrean. Edukiontzia beteta badago, gertu beste bat izango da, edo azken neurri gisa, beste egun batean atera zaborra.
  • Hondakinak bereizi eta dagokion edukiontzian sartu, besteekin nahastu gabe.
  • Edukiontzi marroian hondakin organikoa soilik bota, eta poltsa konpostagarriak erabiliz. Udal bulegoetan eskatu daitezke poltsa konpostagarriak.
  • Altzari eta traste bilketa, hilaren lehen eta hirugarren ostiraletan egiten da. Bezpera arratsaldean atera behar dira traste eta altzariak. Jai eguna bada ez da bilketarik izaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!