Aurrekontu parte hartzaileak jarriko dituzte martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 5a, 14:26

Irurako Udalak aurrekontuko 30.000 euro zertan erabili herritarrek erabakiko dute. Proposamenak urriaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira eta hautatutako proiektuen artean herritarrek erabakiko dute zein gauzatu.

Irurako Udalak, 2021. urtean, 30.000 euro erreserbatu ditu herritarrek egindako proposamenekin inbertsioak egiteko. Aurkeztutako proiektu hauek irurarren interes orokorrari erantzun beharko diotela jakinarazi du udalak. "Ondo justifikatutako proiektuek askoz aukera handiagoa izango dute herrikideen botoa eta babesa lortzeko".

Iruran erroldatuta dagoen eta 16 urte bete dituen edozein herritarrek, edota erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat garatzen duen pertsonak egin ditzake proposamenak. Proiektu hauek aurkezteko epea urriaren 1etik 15era arte irekiko da eta kanal hauen bitartez egin ahalko da: Udaleko harrera bulegoan aurkeztuta (09:00-14:00); Irurako udalaren webgunean online formularioa beteta; Irurako aplikazioaren parte hartze atalean formularioa beteta; eta Kulturunean jarriko den postontzian.

Proposamenak Irurako Udalera bidali ostean, tekniko eta talde politikoen ordezkariez osatutako mahai batek proiektu bakoitza aztertu eta balorazioa egingo du. Proposamenei oniritzia emateko hurrengo irizpideak erabiliko dira: Interes publikoari erantzutea, ez interes pribatuari; Udalaren konpetentzia izatea; Teknikoki bideragarria izatea; Aurreikusitako diru kopuruarekin bateragarria izatea; Eta inbertsio motako proposamena izatea. Mahai honek erabakita, oniritzia jasotzen duten proiektuak botazio fasera igaroko dira. Era berean, eta mahai honek hala erabakita, udaleko sail ezberdinek proposatutako proiektuak ere igaro daitezke botazio fasera.

Bozketa bidezko erabakia

Balorazio mahaiaren emaitzak publiko egin eta gero herritarrek proiektu ezberdinen inguruko informazioa jasoko dute. Proiektu hauen gaineko azken erabakia bozka bidez ebatziko da. Bozketa honetan 16 urte bete dituzten eta Iruran erroldatuta dauden herritarrak eta erroldatuta ez egon arren, bertan jardueraren bat garatzen duten pertsonak parte hartu ahal izango dute. Botoen bidez, aurkeztutako proiektu ezberdinen artean herritarrek bat aukeratuko dute, herriaren garapenerako garrantzitsuena deritzon proiektuari bozka emanez. Bozketako emaitzak lotesleak izango dira udalarentzat, "boto gehien lortu dituen proiektua exekutatu beharko da derrigor".

Azaroaren 8tik 12ra egongo da bozkatzeko aukera.Udaleko harrera bulegoan (09:00-14:00), Irurako udalaren webgunean, Irurako aplikazioaren parte hartze atalean, edo Kultureneko postontzian eman ahalko da botoa.

Proiektu irabazlea exekutatzeak prozesu honetara bideratutako kopuru osoa ez gastatzea suposatuko balu, boto emaitzen hurrenkera jarraituta proiektu gehiago exekutatuko dira, 30.000 euroko kopurua amaitu arte, beti ere irabazi ez duten proiektuek emandako boto kopuruaren artean %10eko babesa lortu badute, gutxienez. Beste proiektuek botoen portzentaje hori eskuratuko ez balute, udalak erabakiko luke gerakina zein inbertsiotara bideratu. Udalaren esku egongo da era berean irabazlea izan den proiektuaz gain, besteren bat exekutatzea nahiz eta 30.000 euroko kopurua gainditu, aurreko irizpide guztiak beteta.

Aukeratutako proiektuen exekuzioan herritarren partaidetza bermatzeko formulak bilatuko dituzte eta prozesu guztiaren informazioa zabalduko dute Irurako webgune zein Irurako Udalak bere eskura dituen kanal guztietatik. Udalak prozesu honekin helburu ezberdinak lortu nahi ditu: "Herritar konprometituak sortzea bere komunitatean, gardentasuna, lehentasunak markatzea, aniztasun inklusiboa, talde eta komunitate ikuspegia, erabakiak hobetzea,  zilegitasuna bermatzea eta harreman molde berriak sortzea"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!