Emakumeen memoria historikoa ezagutarazteko prozesua abiatuko dute

Ataria 2021eko irailaren 10a

Proiektua aurkezteko lehen bilera irailaren 16an izango da, 19:00etan, gela borobilean.

Irurako Udalak herriko emakumeen memoria historikoa bilduko duen ibilbidea osatuko du, parte hartze prozesu baten bitartez. Proiektua aurkezteko lehen bilera irailaren 16an izango da, 19.00etan, gela borobilean.

Farapi izeneko enpresak gidatuko du parte hartze prozesu hau eta herritar guztiak daude bertan parte hartzera deituta. Irura Moretuz Talde Feministak ezinbesteko papera izango du, bere partaideak izango baitira, prozesuan parte hartzen duten herritarrekin batera, ibilbideari forma eta edukiak emateaz arduratuko direnak.

Proiektu honek urteetan Irurako emakumeek egindako lana azaleratzeko balioko du, besteak beste. Gehienetan, ezkutuan eta dokumentatu gabe geratzen den belaunaldi desberdinetako emakumeen jarduna herrira zabalduko da herrian zehar egindako ibilbide honi esker. Herriari egindako ekarpenaren aitortza eta emakumeon ahalduntze bidean ezinbesteko proiektua izango da, beraz.

Udaletik herritar eta eragile guztiei dei egiten diete bertan parte hartzera. Irailaren 16ko bilerarako zaintza zerbitzua egongo dela jakinarazi du udalak eta honen erabilera egin nahi izanez gero Irurako kultura bulegoan eman behar dela izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!