Emakumeen memoria historikoa berreskuratuko dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 15a, 11:57

Irurako Udalak ibilbide bat osatuko du herrian zehar eta asteartean egingo du egitasmoa zehazteko egingo den parte hartze prozesua aurkezteko lehen bilera

Irurako Udalak herriko emakumeen memoria historikoa bilduko duen ibilbidea osatuko du parte hartze prozesu baten bitartez. Proiektua aurkezteko lehen bilera uztailaren 20an izango da, 19.00etan, eskola zaharreko gela biribilean.

Farapi kooperatibak gidatuko du parte hartze prozesua eta herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta. Udal ordezkariek aitortu dute Irura Moretuz talde feministak ezinbesteko papera izango duela prozesuan, bere partaideak izango baitira, parte hartuko duten gainerako herritarrekin batera, «ibilbideari forma eta edukia emateaz arduratuko direnak».

Proiektu honek urteetan Irurako emakumeek egindako lana azaleratzeko balioko du, besteak beste. «Gehienetan, ezkutuan eta dokumentatu gabe geratzen den belaunaldi desberdinetako emakumeen jarduna herrira zabalduko da Iruran zehar joango den ibilbideari esker», esan dute udal ordezkariek. Herriari egindako ekarpenaren aitortza eta emakumeon ahalduntze bidean ezinbesteko proiektua izango dela aurreratu dute.

Parte hartze prozesu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du. Proiektu osoaren %80 finantzatuko du aldundiak. Diru horrekin, Farapi kooperatibaren lana eta etorkizuneko ibilbide horretan jarriko diren euskarriak ordainduko dira. Ibilbidean zehar ezagutzera eman nahi den informazioa jasotzeko panelak jartzea da udalaren asmoa.

Irurako Udalak herritar eta eragile guztiei dei egiten die prozesuan parte hartzera. Horretarako, gonbidapen eskaera egin beharko dute herritarrek www.irura.eus webguneko agenda atalean. Aurreratu dutenez, uztailaren 20ko bilerarako zaintza zerbitzua egongo da eta honen erabilera egin nahi izanez gero Irurako kultura bulegoan eman beharko da izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!