«Finalean sartu nintzenean sorpresa eta poza hartu nuen»

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 15a, 11:59

Jon Mendiluzek Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean parte hartu zuen joan den maiatzaren 28an, Urnietako Sarobe antzokian; bertsogintzan urratsak ematen segitzea du helburu

Bigarren aldia zuen Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finalean Jon Mendiluze Mujikak (Irura, 2005) eta gustura dago bere buruarekin eta egindako lanarekin. Adin nagusigora iritsi aurretik, beste bi aukera izango ditu eskolartekoan parte hartzeko.

Zeintzuk dira zure lehenengo bertso oroitzapenak?

Aspaldi-aspaldikoak dauzkat. Aita etxean aritzen zen batzuetan bertsotan eta plazako saioetara ere dezente joaten ginen. Bi urte nituenekoak-edo dira lehen oroitzapenak.

Nola bertso zaletu zinen?

Bertsoa beti gustatu izan zait, baina hasieran gehiago zen entzuteko. 12 urte inguru nituela pentsatu nuen nik ere bertsotan ibili nahi nuela. 'Oholtzara joan eta bertsoan ibili behar diat', pentsatu nuen nire artean. Bertso eskolara joan nahi nuela esan nion aitari eta horrela eman nuen izena.

Nola gogoratzen dituzu hastapen horiek?

Ongi. Joan nintzenean baziren kideak bat batean aritzen zirenak. Frustratuta ibiltzen nintzen, ikusten nuelako besteek gaia emanda azkar kantatzen zutela eta errima ondo osatzen zutela. Nik, berriz, papera eta boligrafoa hartu eta klase oso bat behar izaten nuen bertsoa osatzeko. Azkenean horri ere tamaina hartu nion eta hasi nintzen bat-batean kantatzen. Hezkuntza arautuan gehiago lantzen da bertsolaritzaren hastapena eta jolasen bidez egiten da gerturatzea. Bertso eskolan, berriz, serioago aritzen gara. Errimak, doinuak, neurriak eta gaiak nola landu ikasten dugu. Zailtasun gradua handiagoa dela esan daiteke.

Zenbat lagun aritzen zarete gaur egun bertso eskolan?

Gure bertso eskolako taldean hiruzpalau aritzen gara orain. Bat-batean lehenengo urtean ekin nion nik, saiatzen nintzen behintzat horretan. Hasieran maila baxutik hasten zara eta ez zara gai izaten bertsoa osatzeko. Gero konturatzen zara paperean bertso erdia osatzeko gai zarela, gero osoa egiten duzu, eta geroz eta azkarrago eta hobeto gainera. Oraindik ere badut zer hobetu, noski, baina nabari dut eboluzioa.

Zein izan zen zure lehenengo plaza?

Gogoan dut bertso eskola ezberdinetako kideak bildu ginenekoa. Bertso sortak kantatu genizkion elkarri. Hori izan zen jendaurreko lehenengo nire saioa. Niretzako mugarria iazko eskolartekoa izan zen, ordea. Jende aurrean kantatzea beti da ona, baina txapelketan jardutea bada beste salto bat. Publikoa badago baina badaude baita ere zure bertso maila neurtzeko pertsonak. Beste seriotasun bat ematen dio kontuari.

Iazko hartan zer moduz sentitu zinen, urduri?

Pandemia hasi eta etxeratze agindua eman zuten egunean nintzen kantatzekoa. Udazkenera atzeratu zuten azkenean txapelketa. Hala ere, iazko martxoko hartan izugarri urduri nengoen, ezinegon handia nuen eta ia eskertu ere egin nuen saioa atzeratu izana. Gero urrian egingo zutela jakin nuenean urduri bai baina konfiantza handiagoarekin nindoan, gehiago prestatu bainuen txapelketa.

Arrasateko kanporaketa izan zenuen aurrenekoa aurtengo Gipuzkoako eskolartekoan. Nola sentitu zinen ?

Nahikoa ondo joan nintzen saiora. Urduri bai baina ondo prestatuta ikusten nuen nire burua. Finalera sartzea ez nuen helburu bezala. Joan eta esperientzia hartzea zen nire asmoa. Arrasateko horretan saio txukuna egin nuela iruditu zitzaidan baina ez nengoen seguru finalera sailkatuko nintzen. Finalean sartu nintzenean sorpresa eta poza hartu nuen, biak batera.

Arrazoietan sendo ikusi zintugun, goitik behera, ideiak ordenatuta jardun zenuen Urnietako finalean.

Lau oinak emanda egin beharreko ariketan ondo etorri zitzaidan bertsoa eta ideia bete bat bota nuen, nik uste. Bi ofizioetan gutxi gehiago banekien zein erantzun bota. Bakarkakoetan gehiago nahastu nintzen, ez nekien zer esan ezta nola esan ere.

Oholtzan egoteko egonarria sumatzen zaizu. Apenas nahasten zara bertsotan.

Finalean ez nintzen trabatu kantatzen ari nintzen bitartean. Bare edo poliki kantatzen saiatu nintzen. Ni nerori ere harritu nintzen bertso eskolan ezinean aritzen garelako maiz.

Eskualdeko bertso-eskoletan zabiltzaten sei bertsolarik saioa izango duzue larunbatean Adunan. Gogotsu?

Bai. Iruditzen zait inoiz eman dudan maila onenetakoan nagoela. Ari naiz ikasten oholtzan gehiago disfrutatzen eta lasaiago egoten. Taldeko batzuk bertso eskolan nirekin dabiltza eta besteak ere inoiz entzun izan ditut. Uste dut saio polita aterako dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!