Koronabirusa

Irura ez dago eremu gorrian

Ataria 2021eko urtarrilaren 22a

Akats bat dela eta, Irura eremu gorrian dauden udalerrien zerrendan sartu zuten atzo, baina Osasun sailak gaur jakinarazi du ez dagokiola eremu horretan egotea. Azken 14 egunetan COVID-19k eragindako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua ez da 507,39 kasukoa, 463,54 kasukoa baizik eta kasu positiboak ez dira 11, 6 baizik. 

Osasun sailak Irurako Udalari jakinarazi dio ez dagoela eremu gorrian. Atzo eman zuten eremu gorrian dauden udalerrien zerrendaren berri, eta 5.000 biztanletik azpikoen artean Irura zegoen, baina ez da horrela. 

Osaun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak sinatutako ebazpenak dio, akats bat egon dela eta Irurako udalerriari dagokion oinarrizko eremuan, azken 14 egunetan COVID-19k eragindako kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua ez dela 507,39 kasukoa, 463,54 kasukoa baizik. Era berean, udalerri horretan, kasu positiboak ez dira 11, 6 baizik. "Zenbaki horiek lehen aipatutako 44/2020 Dekretuan aurreikusitako neurriek eragindako 5.000 biztanletik beherako udalerrien zerrenda zehazteko erabilitako indize eta irizpide epidemiologikoei aplikatzeak berekin dakar Irurako udalerriari, oraingoz, neurri horiek ez aplikatzea", dio ebazpenak. 

Une honetan beraz, Irura eremu gorritik kanpo geratzen da eta ostalaritzak ireki ahal du. Herritarren mugikortasuna baimenduta dago ere astelehena bitarte, ordutik aurrera  udalerri guztiak egongo baitira perimetralki itxita. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!