Koronabirusa

Udalerri guztiak perimetralki ixtea eta pertsonen arteko bilerak lau lagunetara mugatzea erabaki du Labik

Ataria 2021ko urt. 22a, 14:17

Asteleheneko 00:00etan jarriko dira indarrean neurri berriak. Oraingoz ez dute ostalaritzaren nahiz kultur jardueren eta jarduera sozialen inguruko neurri berririk ezarriko. 

Eguerdian bildu da Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoa (Labi), eta Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotzagoak iragarri ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Koronabirusaren zabaltzea saihesteko neurri nagusien artean, «udalerri guztien itxiera perimetrala» ezartzea, eta pertsonen arteko bilerak, eremu irekietan eta itxietan, gehienez lau kidetara mugatzea erabaki du (bizikidetza unitate bereko lagunak dira salbuespena).

Bihar argitaratuko dute dekretua, eta astelehenean sartuko dira indarrean neurri berriak. Gaur emandako datuen arabera, gainera, eremu gorrian sartu da hiru lurraldeetako batez bestekoa, Gipuzkoa eta Araba 500eko langatik behera dauden arren. Neurri horiek bat egiten dute Jaurlaritzak asteazkenean Espainiako Osasun Ministerioari eta gainerako erkidegoei adierazitakoekin.

Establezimenduen itxiera ordua 19:00etara aurreratzeko aukera, berriz, atzera bota dute. Jaurlaritzaren iritziz, neurri hori etxeratze ordua 20:00etara aurreratzearekin lotua dago. Azken neurri horrek, ordea, 926/2020 Errege Dekretuaren egokitzapen bat eskatuko lukete, eta Espainiako Osasun ministro Salvador Illa halako aldaketak egitearen aurka agertu da. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren esanetan, «akats bat» da Madrilen jokabidea, eta koronabirusari aurre egiteko aukera bat «galdu» da.

Hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako herrietan, berriz, ostalaritza establezimenduen itxiera mantenduko dute; hoteletako jantokiak, bezeroentzako ostatuak, gasolindegiak eta zerbitzuguneetako jantokiak izan ezik. Era berean, herri eta hiri horietan, bertan behera geratuko da taldeko kirola (profesionalen eta erdi-profesionalen kasuak dira salbuespenak).

Hamabost egunez behin berrikusiko du egoera Labiren batzorde teknikoak, eta neurri gehiago ezartzea edo ezarritakoak malgutzea erabakiko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!