Irurako beharrak identifikatu dituzte lehen gogoeta saioan

Ataria 2020ko azaroaren 6a

Herriko hiru udal eraikinen erabilera eta egokitzapena zehazteko prozesua hirugarren fasean sartuta dago eta prozesuaren oinarriak adostu eta hiru udal eraikinetara  bisita gidatuak egin ostean, lehen gogoeta saioa egin zen astelehenean. 

Aztergai diren herriko hiru udal eraikinak haurtzaindegiaren gaineko solairua, zaharretxea eta udaletxea dira. Astelehenean, Gorka Murua alkateak ongi etorria eman eta prozesuaren aurkezpena egin ondoren, Elhuyarreko kideek saioaren helburua eta planteamendua aurkeztu zuten: burutu beharreko ariketa herritarren ikuspegitik Iruran dauden beharrak identifikatzea zen, adin tartea kontutan hartuta (haur-nerabe-gazteak, helduak eta adinekoak). Beharrak identifikatzeko bertaratutakoak talde txikietan banatu ziren eta online konektatu zirenak beraien kabuz egin zituzten proposamenak. Ondoren saioan parte hartu zutenek adierazitakoa, postontziaren bidez bildutakoak eta udal teknikarien bileran jasotako beharrak konpartitu ziren. Amaitzeko hurrengo hitzorduen berri eman zen.

Azaroaren 16an, 17:00etan bigarren gogoeta saioa burutuko da eta hiru udal eraikinen erabilera eta egokitzapen proposamenak landu eta lehenetsiko dira. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da udaleko webgunean dagoen fitxa beteaz edo eta 943 69 26 74 deituaz. Zaintza zerbitzua ere egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!