2021eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu dute

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 5a, 10:00

Azaroaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira argazkiak eta Irurako txokoak erretratatu beharko dituzte parte hartzaileek. Honako helbidera bidali beharko dira: irurabizi@gmail.com

Argazkiak gaur egungoa izan behar du eta digitalean aurkeztuko dira. Irudiak JPG formatuan egon behar dira eta A4 neurrirako gutxieneko kalitatea izan behar dute. Gaur egungoa izan beharko du irudiak, Irurako lekuren batean koloretan ateratakoa. Argazki bakoitzarekin batera, egilearen izena, posta elektronikoa, telefonoa eta azalpentxo bat bidali beharko da, argazkia non ateratakoa den azalduz. Posta elektronikoz, irurabizi@gmail.com helbidera edo bestela USB baten bidez ere aurkeztu daitezke argazkiak, liburutegian jarriko den kutxa batean, gutunazal baten barruan.

Iruran erroldatuta daudenek parte hartu ahal izango dute, beti ere, bakarka eta gehienez hiru argazkia aurkeztu ahal izango ditu pertsona bakoitzak.

Bost kidek osatuko dute epaimahaia: kultura zinegotziak, Irura Biziko kide batek, Kultur Mahaiko bi kidek eta gaian aditua den herritar batek. Epaimahai horrek hamabi argazki aukeratuko ditu saridun bezala, argazki bakoitzaren egileak 30 euroko bonu bat jasoko du, herriko taberna eta dendaren batean erabiltzeko.

Saritutako hamabi argazki horietaz gain, beste lau argazki aukeratuko dira, eta lau hauen arteko irabazlea herritarrek aukeratuko dute, WhatsApp-ez egindako bozketa bidez. Argazki hori egutegiko azalekoa izango da eta egileak 30 euroko beste bonu bat jasoko du.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 21ean izango da, Kultur Mahaiak antolatuko duen kultur emanaldiaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!