Etxean gelditu da txapela

Ataria 2020ko urr. 3a, 20:00

Joxi Lopetegi irurarrak eta Jerome Karrikaburuk 40 eta 33ko emaitzarekin irabazi dute II. San Migel Xare Irekiaren finala, Etxeberri-Funosas bikoaren aurka.

Irurako Ametsa trinketera bertaratutako 50 lagunen aurrean jokatu dute finala. Aurretik, Ametsa pilota elkarteko nesken erakustaldia izan da. Naroa Goenaga, Irati Fernandez, Nora Galartza, Maider Isasa eta Nahia Gorritik hartu dute parte.

Erakustaldiaren ondoren hasi da finala. Lopetegi-Karrikaburu bikoteak jokatutako partida guztiak irabazi ditu txapelketan eta Etxeberri-Funosas bikoak ere finalerdia joko bikaina eginda irabazi zuen. Final orekatua espero zen eta horrela izan da, neurri handi batean. Markagailuan beti joan dira aurretik Lopetegi eta Karrikaburu, baina partidaren azken partean aldea estutu dute Etxeberri eta Funosasek. Lopetegik azaldu du: "Hasieran guk dominatu dugu eta aurkari hauek normalean egiten ez dituzten akatsak baliatu ditugu aldea egin eta zulotxo bat irekitzeko. Mantendu dugu diferentzia baina bukaeran guk ere akats batzuk egin ditugu eta azkenerako larri ibili gara".

Karrikaburu bikotearen jokoa nabarmendu du Lopetegik: "Oso txapelketa ona egin du, egia da beste atzelariekin alderatuta indar pixka bat falta zaiola, baina beti pilotaren gainean dago eta oso ondo aritu da. Bigarren aldia dugu elkarrekin eta bi okasioetan iritsi gara finalera". Etxeberri-Funosas bikotearentzat ere hitz onak izan ditu Lopetegik, irurarra ez baita alperrik aritu 25 urtetan Funosas hazpandarraren aldamenean. "Artista bat da".

II. San Migel Xare Irekia amaitzeko sari emateak egin dituzte Ametsa Trinketearen kantxan, Ametsa pilota elkarteko eta Irurako Udaleko ordezkariak izan dira bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!