Kultur eta kirol eskaintza egingo dute hilero

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 1a, 19:58
Iazko San Migel festetan plazan egin zituzten haur jolasak

Kultur Mahaia osatu dute Iruran eta hemendik aurrera hilero kultur programazio bat osatzea izango dute helburu; Aurten, San Migel festen faltan, irailerako egitarau oparoa prestatu dute.

Iruran udalak garbi adierazi du aurten ez direla San Migel festak ospatuko, baina hala ere, irailerako kultur agenda zabala prestatu du. Leti Aristi Oria kultura zinegotziak adierazi duenez, Kultur Mahaiaren emaitza da osatu duten lehen egitaraua: «Jai batzordearen dinamika hanka motz geratu zela iruditu zitzaigun eta herrian kultura nahiz kirol eremuko helburuak zehaztu eta honen inguruan hausnarketa sakona egiteko sortu da Iruran Kultura Mahaia».

Eragile bakoitzaren autonomiatik egitarau bateratu bat osatu nahi dute elkarlanean, herritarrei zuzendutako komunikazioa hobetuz, baliabideak optimizatuz eta askotariko eskaintza eginez. Lehenengo egitaraua irailerako osatu dute, baina eskaintza honek jarraipena izango duela baieztatu du Aristik: «Kultur Mahaian adostutako ekitaldiak izango dira, herriko eragile guztien presentzia ziurtatuko dugu eta ikuskizunen kalitatea, euskara eta genero berdintasuna hartuko dira aintzat». Hileko lehen ostegunetan bilduko da Kultur Mahaia eta agendaren koordinazioa udal teknikariak eramango du. Agendarekin batera, bestelako euskarriak ere erabili asmo dituzte.

COVID-19aren ondorioz eta osasun segurtasuna bermatzeko, iraileko emanaldietan edukiera mugatuko da. Emanaldietara joateko gonbidapena eskuratu beharko da, www.irura.eus helbidean edo kultur bulegora deituta, 943 69 26 74 telefono zenbakira. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen eskuratzeko aukera izango du, familia ugariek izan ezik. Astelehenetik ostegunera banatuko diren gonbidapenak irurarrentzat bakarrik izango dira eta ostiraletik aurrera, agortu ez direnak edonork eskuratu ahal izango ditu. Emanaldietan sartu ahal izateko, unean uneko segurtasun neurriak jarraitu beharko dira eta ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago eremura barruan eserita egon beharko dute ikusleek. «Herritarrei zentzuz eta arduraz jokatzeko deia egin nahi diegu udaletik. Udalak bere esku dauden neurriak jarriko ditu baina azken finean norberaren esku geratuko da neurri hauek errespetatu eta arduraz jardutea», esan du Aristik.

2020ko IRAILA

Irailak 4, ostirala
20:00. Plazan, Txikiren bakarrizketa saioa: 40 urte eta aldapan behera niek!

Irailak 12, larunbata
18:00. Malas Compañias antzerki taldearen ProZak ikuskizuna plazan.

Irailak 19, larunbata
11:00. Irura Bizi elkarteak antolatuta frontoian haurrentzat ginkana eta jokoak bizikletarekin.

Irailak 20, igandea
17:00. Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna eskainiko dute herriko plazan.

Irailak 26, larunbata
11:00. Bizibiziki taldeak gidatuta orientazio jokuak frontoian, familien artean.
19:00. Eguraldiaren arabera, plazan edo frontoian, FunBox Factory.

Irailak 27, igandea
18:30. Amaia Agirre gai jartzen eta plazan bertsotan ariko dira Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak.

Irailak 29, asteartea
09:00. San Migel eguna izanik, Irurako kaleetan zehar diana Loatzo musika eskolako txistulariekin.
20:00. Demode Quartet taldearen emanaldia izango da plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!