Xare jokalari onenak Irurako trinketean

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 13a, 11:57

Iparraldeko ligaren lehen mailako finalerdiak jokatuko dira bihar, tartean Joxi Lopetegi herritarra bertan dela.

Ehun urte bete dira xarea Irurara iritsi zela eta hainbat ekitaldi egiten ari dira herrian mendeurrena ospatzeko. Bihar izango da ospakizunen egun nagusia, eta ekitaldien artean xare partidak ikusgai izango dira. Nagusiek jokatuko dituztenak ez dira nolanahiko partidak izango, egun ikusi daitekeen xarelari onenak izango baitira Ametsa trinketean, eta horien artean Joxi Lopetegi irurarra.

Iparraldeko ligaren lehen mailako finalerdiak izango dira, beraz, jokoan bihar arratsaldean. 16:00etan hasiko da Driolet-Sistiague eta Harispe-Karrikaburu arteko finalerdia, eta 17:00etan Lopetegi-Funosas eta De Paredes-Etxebeste bikoteen artekoa. Berezia izango da biharko partida Lopetegirentzat: «Iparraldean jokatzen dugu eta normalean klub batek eskatzen du ligako finalerdiak eta finala berean jokatzea, baina aurtengoan, salbuespen moduan, Irurako Ametsa elkarteak eskatu du eta baiezkoa eman diote. Niretzat berezia izango da, herritarren aurrean jokatzeko aukera izango dudalako, eta, bestalde, ezagutzen dudan trinkete batean jokatzeak abantaila emango dit. Presio pixka bat ere izango da herrian jokatzeagatik, baina edade bat badugu, eta horrelakoetara ohituta gaude».

Finalerdian erabiliko duten jokoa «betikoa» dela esan du irurarrak: «Aurrelariak utzi pasatzen, atzean dominatu eta gero aukera dagoenean tantoa bukatu». De Paredes eta Etxebeste azken bost urteetan ari dira Lopetegi eta Funosasen mailan jokatzen. «Gazteak dira, azken Munduko Kopan txapeldunak, eta kontuz ibili beharreko bikotea da». Beste finalerdiko zein txapelketa irabazteko faboritoak Driolet eta Sistiague direla dio Lopetegik.

Lopetegik lehen mailan 25 urte inguru daramatza, 18 urte zituenetik, eta horietatik denak Funosasekin bikote eginez. Ez du gogoan zenbat txapelketa irabazita dituen dagoeneko: «Badakit hamabi edo hamahiru urtez jarraian irabazi genuela, eta gero tarteka gehiago irabazi ditugu, iazkoa esaterako, baina azken sei urteetan Driolet eta Sistiague gailendu dira gehienetan».

Haurren partidak

Nagusien partiden aurretik, 15:00etan, Ametsa Pilota Elkarteko bi bikote herritar, Aimar Heras-Xuban Lopetegi batetik, eta Oier Maiza-Aitor Aristi bestetik, Iparraldeko Ligako Kimuen mailako finalerdia jokatuko dute. Ametsa elkartearen eskaria izan da partida herrian jokatzea eta lortu dute. Finalean, beraz, Irurako talde bat izango da. Abenduaren 21ean izango da hori, Senperen. Beste xare partida bat ere izango da Iruran: Gonzalo Montero-Gorka Huitzi bikoteak gaztetxo mailako Kontsolazio txapelketako finalerdia jokatuko du, 13:00etan, Ametsa trinketean.

Honez gain, Gaztetxo mailan, Matxalen Mendizabal-Iker Isasa bikoak ere euren mailako finalerdi bat jokatuko du, Urruñarrak 01 taldearen kontra. Partida Senpereko Gantxiki trinketean, igandean, 13:00etan, jokatuko da.

Erlazionatuak

Xareari aitortza Iruran

Imanol Garcia Landa 2019 abe 05 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!