Xareari aitortza Iruran

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 5a, 07:59

Irura eta xarearen arteko loturak ehun urte bete dituela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean goi mailako partidak.

Ehun urte igaro dira xarea eta Irura elkar lotu zirenetik, eta herrian mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte. Gorka Murua alkateak azaldu duenez, «xarea kirol berezia da herrian, eta Irurako ondare izatera iritsi da». 

Xareak herriko hainbat eragilerengan eragina izan duela gaineratu du Muruak, eta ospakizun hauetan ere eragile horien parte hartzea bultzatu dela azaldu du. Esaterako, Irurako Ikastolako kideek ere parte hartu dute ekitaldien antolakuntzan, "herriaren ikurra ez ezik, gure ikastolarena ere badelako", esan du Ainhoa Artola irakasleak. "Horrez  gain, une ezin hobea iruditu zaigu gure ikasleek eta irurar ume guztiek xarearen berri izateko". Aste honetan antolatu dituzte ekitaldiak Ikastolan, horma irudiak eginez, Jesus Mari eta Pello Arsuaga xaregileekin solasaldia izan zuten atzo, eta gaur partida batzuk antolatu dituzte ikasleen artean, eta bertan Joxi Lopetegi eta Julen Apeztegia herriko xare jokalarien laguntza izango dute.

Ametsa Pilota Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Batetik, argazki erakusketa egingo da plazako herri-eskolako aretoan. Bestetik, abenduaren 12rako mahai ingurua antolatu dute xareak Iruran izan duen ibilbidearen eta egun duen egoeraren berri emateko, eta bertan parte hartuko dute Jesus Mari Arsuaga, Iñax Iturbe, Joxi Lopetegi eta Mikel Uzkudunek.

Abenduaren 14a izango da egun nagusia. Goizean goiztik hasiko dira Ametsa Trinketean ekitaldiekin. Xare eskolan dabiltzan umeen topaketa batzuk antolatu dituzte. "Egun eskolan 70 haur dabiltza, 50 mutil eta 20 neska, eta trinketean jokatuko dute, mailaz maila antolatuta", esan du Ametsa Pilota Elkarteko Mikel Uzkudunek. Aldi berean, plazako herri-eskolan xareak eta pilotak egiteko tailerrak izango dira. Eguerdi aldera trinketetik elizaren arkupera joango dira, eta xarearen hastapeneko partida batzuk irudikatuko dituzte umeekin. "Jendeak pentsatzen du nola litekeen arkupetan hasi eta gero noraino iritsi den xarea Iruran. Bada, hori irudikatuko dugu", esan du Uzkudunek.

Arratsaldean, egun ikusi daitekeen maila altueneko xare partidak jokatuko dira Irurako trinketean. Iparraldeko  lehen maila liga jokoan da, eta abenduaren 21ean izango da finala. Iruran, finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 14ean. "Beraz, munduko zortzi xarelari onenak izango dira Iruran", esan du Uzkudunek. Asteburu honetan erabaki dira zein izango diren finalerdietara pasako diren bikoteak. Tartean, Joxi Lopetegi irurarrak Funosasekin osatzen duena izatea espero dute. "Egun Lopetegi eta Funosas ligako lehen postuan daude, beraz espero dugu finalerdietan izatea", esan du Uzkudunek. Oraindik guztiz lotuta ez badago ere, beste partida bat ere ikusgai izan daiteke egun horretan Iruran. Izan ere, Iparraldean kimu mailako txapelketan parte hartzen ari diren Ametsa elkarteko bi bikote finalerdietara iritsi dira. Elkarren aurka jokatu behar dute, eta finalerdia Senperen jokatzekoa bada ere, Iruran jokatu dezatela eskatu dute Ametsa elkartetik.

Partiden ondoren, Irurako Udalak oroigarriak banatuko dizkie munduko txapelketetan parte hartu duten pilotari irurar guztiei, zein Ametsa Pilota Elkarteari.

Irura Bizi elkarteak ere parte hartu du ekitaldien antolakuntzan. Bertako kidea den Marimi Ugaldek azaldu duenez, "parte hartu nahi izan dugu bultzatuz, indartuz, lagunduz, jai hau handiago izateko". Hori horrela, pilota partiden ondoren, Tolosako Udaberri dantza taldearen emanaldia izango da trinketean bertan. Gero herri afaria egingo da, eta horretarako txartelak salgai daude trinketean eta liburutegian. Afalostean, Erromeria.eus-ekin dantzaldia izango da. 

Irurako alkateak, bestalde, xarearen historiari buruzko liburuxka bat argitaratuko dela jakinarazi du. Jon Leunda kazetaria da egilea, eta liburuxka herriko etxeetara banatuko da urtea bukatu baino lehen. Horrez gain, aipatu du mendeurrenaren ospakizunetarako sortutako logoa Ainhoa Ugalde herritarrak egin duela. 

Historia pixka bat

Gorka Muruak xarearen eta Iruraren arteko harremanaren errepasoa egin du: "Bilakaera bat izan da 100 urte hauetan, eta mugarri batzuk ere izan dira. Lehenengo unea xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zena, nahiko modu kuriosoan. Xarea Irurara ez zen Iparraldetik iritsi, Ipar Ameriketatik baizik. Joxe Jauregi apaizak bisita bat jaso zuen Iruran, Ameriketatik etorri zen ilobarena, eta hark ekarri zuen xarea eta berak erakutsi zion jokoa nola zen eta baita xareak nola egiten ziren. Bien artean egin zituzten xare batzuk, eta Jauregi herriko haurrak jarri zituen jolas horretan praktikatzen elizaren arkupean. Hori izan zen lehen joko eremua".

Gerora, 1936ko gerraren garaian geldiune bat izan zen, 50eko hamarkada arte iraungo zuena, "batik bat xareak egiteko oso pertsona gutxi zeudelako", esan du Muruak. "Galtzear egon zen xarea, baina beti izaten da hari muturren bat nondik tira egin eta berreskuratzeko, eta hori 70eko hamarkada hasieran gertatu zen. Orduan Donostian Munduko Txapelketak izan ziren eta herrikoa den eta gaur egun xare egilea dugun Jesus Mari Arsuagak bisita egin zion Joxe Ameztoiri, orduan xareak egiten zituen bakarra, eta xareak egiten ikasi zuen". Hamarkada horretan jolas izatetik joko izaterako, lehia izaterako, saltoa eman zuen xareak Iruran, eta nazioarteko txapelketetan parte hartu zuten Irurako pilotariek. "Hurrengo mugarriak 1986 eta 1987 urteetan kokatuko ditugu. Ordura arte elizaren arkupea zen ordura arte joko eremua, eta 1986 urtean eraiki zen gaur egun erabiltzen den trinketa, eta 1987an Ametsa Pilota Elkartea, xare eskola dena, sortu zen. Jauzi kualitatibo bat eman zen eta fruituak berehalakoak izan ziren, kopuru aldetik, maila oso ona zeukaten pilotari dezente sortu zirelako, eta baita ere nazioarteko txapelketetan izugarrizko emaitzak lortu zirelako. Gero xare eskolak pausoak eman ditu bere indartze horretan".

Egitaraua

Abenduak 5, osteguna

Xare partidak trinketean, Julen Apeztegia eta Joxi Lopetegirekin, Irurako Ikastolak antolatuta.

Abenduak 9, astelehena

18:00-20:00. Argazki erakusketaren irekiera ekitaldia, plazako herri-eskolako aretoan.

Abenduak 12, osteguna

18:00-19:00. Argazki erakusketa, plazako herri-eskolako aretoan.

19:00. Irura eta xarea lehen eta orain mahai ingurua, plazako herri-eskolako aretoan. Parte hartzaileak: Jesus Mari Arsuaga, Iñax Iturbe, Joxi Lopetegi eta Mikel Uzkudun.

Abenduak 13, ostirala

18:00-20:00. Argazki erakusketa, plazako herri-eskolako aretoan.

Abenduak 14, larunbata

10:30-12:30. Argazki erakusketa eta xare eta pilotak egiteko tailerrak eta azoka, plazako herri-eskolan.

10:30-12:30. Xareko ikasleen topaketak.

12:30-13:30. Xare eskolako ikasleen arteko pilota partidak elizako arkupean.

16:00. Iparraldeko ligako lehen mailako finalerdietako lehen partida. 17:00ak aldera, bigarren finalerdia.

Ondoren. Udaberri dantza taldearen emanaldi berezia.

Jarraian. Oroigarrien banatzea, munduko txapelketetan parte hartutako Irurako pilotariei edo haien sendikoei, eta Ametsa Pilota Elkarteari.

21:00. Herri afaria frontoian. Txartelak salgai daude trinketean eta liburutegian.

Afalostean. Erromeria.eus-ekin dantzaldia.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!