Xarearen sarea ehuntzen

Irati Urdalleta 2019ko ira. 28a, 08:59

Aurten bete dira ehun urte Iruran xarean jokatzen hasi zirenetik. Gorabehera asko igaro ditu ordutik, baina irautea lortu du, besteak beste,Mikel Uzkudun pilotari ohiaren, Julen Apeztegia xare jokalariaren eta Pello Arsuaga xaregilearen lanari esker. Horrela segi dezan, eskola ere martxan dute.

Ez dira egunero 100 urte betetzen, eta urteurren hori ospatzen ari da xarea Iruran. Joxe Jauregi apaizak 1919an ekarri zuen herrira pilota modalitate hori eta, hainbat gorabeherari aurre eginez, bizirik jarraitzen du oraindik.

Mikel Uzkudun xare jokalari ohiak azaldu duenez, Joxe Jauregik oso gustuko zuen xarea eta, Irurara iritsi zenean, bertako haurrei erakusten hasi zen: «Urte haietan, arkupeetan jokatzen zuten herriko gazteek». Baina hogei urteren buruan, 1936ko gerra hasi zen, eta gainbeheran sartu zen xarea. «Ez dakigu apaizak hemen jarraitu zuen ere, baina badakigu 1950era bitarte galduta egon zela xarea», dio Uzkudunek. Orduan, xarea berriro ikusaraziko zuen gertaera izan zen: Donostian Munduko Euskal Pilota Txapelketa jokatu zuten. Nazioarteko federazioak bazekien, Iruran, garai batean, xarez jokatzen zela, eta lau gazte prestatu zituzten Munduko Txapelketa horretan parte hartzeko.

Behin txapelketa amaituta, berriro gainbeheran sartu zen xarea, baina lortu zuten berreskuratzea. «Kasualitateak horrela izaten dira, eta 1970ean berriro ospatu zen Munduko Txapelketa, Donostian». Argentinakoak, Uruguaikoak eta iparraldekoak bazeuden, baina hegoaldekoek ere jokatzea nahi zuten. Orduan, berriz hurbildu ziren Irurara, eta irurarrek txapelketa hura jokatu ez bazuten ere, xare eskola bat jartzeko lehen urratsak ematen hasi ziren, 1980tik 2000rako loraldiaz gozatuz. «Ni neu garai hartakoa naiz, eta 1970 inguruan hasi nintzen xarez jokatzen».

Xarean jokatzeko txapelketak antolatzea ere ezinbestekoa da, eta lan horretan dihardu Uzkudunek. Azken urteetan galduta egon den arren, aurten, Irurako festetan txapelketa bat antolatzea erabaki dute. «Iparraldeko pilotariekin harremanetan jarri beharra daukagu, horrelako torneoak eta txapelketak antolatzeko», azaldu du Uzkudunek. Hain zuzen, Irurako bi pilotari arituko dira, eta iparraldeko sei.

Bertan jokatuko duen pilotarietako bat da Julen Apeztegia. Gustura dago herriko txapelketarekin: «Aspalditik ez zen ikusi Iruran, maila honetako partidarik, eta jende asko ari da gerturatzen. Animoak jasotzen dituzu eta ikaragarri nabaritzen da», dio. Berarekin batera arituko da Joxi Lopetegi irurarra ere. «Urte asko daramatza xarez jokatzen, munduko txapelduna ere izan da, eta azken hogei urteetan iparraldeko pilotari batekin jokatzen ditu txapelketak», azaldu du Uzkudunek.

Iruran, festen baitako txapelketa horretan parte hartzen duten bi pilotariak bakarrik dabiltza goi mailan. Euskal Herrian, berriz, ez dago xarearen inguruan mugimendu handiegirik. Batez ere, Ipar Euskal Herrian du ospea, baina, hegoaldean, Irurako bi pilotariez gain, Nafarroako beste bi edo hiru baino ez daude. Pilotari falta horrek arazoak ere sortzen ditu. «Iruran, nire mailan, ni eta beste bat bakarrik ari gara jokatzen. Horregatik, entrenatzeko zailtasunak ditugu», dio Apeztegiak. Izan ere, xarean entrenamendu on bat egiteko, lau lagun elkartu beharko lirateke. «Hala ere, moldatzen gara», dio. Entrenamenduez gain, partidak ere jokatzen dituzte asteburuetan, bat iparraldean eta bestea hegoaldean, txandaka. «Bidaietan gastua egiten dugu, baina, gustatzen zaigunez, hor jarraitzen dugu», dio Apeztegiak. Txapelketei dagokienez, iparraldekoa dago, urte osoan egiten dena, eta Espainiakoa eta Frantziakoa ere badaude, baina partida gehienak iparraldean jokatzen dira. «Han trinkete asko daude, eta xarean ez ezik joko grabian ere aritzen dira», azaldu du Apeztegiak.

Egoera ikusita, gaur egun iparraldeko jokalariak beharrezkoak dira, xareak iraun dezan. «Iruran xarez jokatzea nahi bada, derrigor iparraldeko pilotariekin eta klubekin harreman berezia eduki behar dugu, hegoaldean ez dagoelako antolakuntzarik», dio Uzkudunek. Hegoaldean zerbait egin nahiko balitz, berriz, uste du federazioek hartu beharko luketela ardura. Apeztegiaren iritziz ere, xarea sustatu beharko litzateke: «Xarea erakutsiz gero, agian, jendeari gustatu egingo litzaioke».

Euskal Herritik kanpo, egoera ez da askoz ere hobea, ez delako oso kirol ezaguna. Hala ere, munduko kopa jokatuko dute urrian: «Kuba, Frantzia, Espainia, Amerikar Estatu Batuak, Portugal, Uruguai eta Argentinak parte hartzen dugu», dio Apeztegiak.

Xare jolalariak sortzen

Irura xarearentzat oasi moduko bat izan arren, jokalariak falta dira. «Irura eta xarea binomioa oso lotua izan da betidanik. Jendeak ez du Irura ezagutzen, xarearengatik ez bada», baieztatu du Uzkudunek. Berak azaldu du, euskal pilotak hainbeste modalitate edukitzeak alde onak zein txarrak dituela: «Alde batetik, aberastasun izugarria da, baina, beste aldetik, modalitate batzuk desagertzeko zorian egotea dakar».

Hori gertatu ez dadin sortu dute xare eskola, eta 60-70 neska eta mutil dabiltza bertan. «Azken urteetan, konturatu ginen harrobia bazegoela, baina, neska-mutilek hamalau urte betetzen zituztenean, jokatzeari uzten ziotela», dio Uzkudunek. Horri erremedioa jarri zioten iaz. Hain zuzen, teknifikazio taldeak sortu zituzten, 12-13 urtekoentzat eta 13-14koentzat. Talde horiek iparraldeko txapelketetan parte hartzen dute, eta aurrera jarraitzeko asmoa daukate. «Hori izan daiteke bidea, xareak Iruran garai batean izan zuen maila eta ospea berreskuratzeko. Eskolarekin asmoa eta ilusioa daukagu, xarea berpizteko», azaldu du Uzkudunek. Apeztegia ere baikor ageri da: «Oraintxe bertan, Iruran indar handia dauka xareak. Gu oso gutxi ginen, baina orain ume asko apuntatu dira».

Apeztegiak txikitatik jokatu izan du xarean: «Xarea Iruran betidanik egon da eta, beste herri batzuetan beste kirol batzuk sustatzen diren bezala, Iruran xarea bultzatzen da. Lagunak apuntatu ginen, eta horrela hasi nintzen». Beste pilota modalitate batzuk ezagunagoak izan arren, berak xarearen aldeko apustua egin zuen: «Xarea herrian daukagun kirola da, eta betidanik jokatu izan dugu».

Lehenengoz, emakumeek ere bai

Aurtengo berrikuntza nagusienetakoa izango da, emakumeen arteko xare partida. «Neskak ere xarez jokatzen ikasten ari dira, eta aukera bat eman nahi izan diegu», dio Uzkudunek. Pilotako gainontzeko modalitateetan emakumeek hartu duten presentzia xarean ere izan dezaten nahi dute: «Xarean jokatzen duten neskak badaudela erakutsi nahi dugu eta, bide batez, neska gehiago animatu nahi ditugu xarean jokatzera». Emakumeen artean ere xarea bultzatuz, beraientzako txapelketak ere antolatu nahi dituzte.

Txapelketan aldaketak

Urte batzuk egin gabe egon ondoren, aurten berriro txapelketa bat antolatzea erabaki dute Iruran. Hala ere, espero ez zituzten hainbat aldaketa egin behar izan dituzte. Izan ere, erreboteko kristalaren zati bat hautsi egin da, pilotakada baten ondorioz. Horrenbestez, irailaren 22an jokatzekoak ziren finalak 28an jokatuko dira, eta egun horretan jokatzekoa zen finala egun bat atzeratuko dute. Apeztegia itxaropentsu mintzatu da, finalari begira: «Ni aurrelaria naiz, eta tokatu zaidan atzelaria oso ona da. Esperantza txiki bat badaukat, behintzat finalera iristeko, eta ahal bada irabazteko. Gogoz nago». Irabazten duenak irabazi, zalantzarik ez dago egindako lanak xarea bultzatzeko balioko duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!