"Xarea mantentzeko egiten ditut, hemen beste inork ez baititu egiten"

Irati Urdalleta 2019ko ira. 28a, 08:55

Aitari erreleboa hartuta, xareak egiten dihardu Pello Arsuaga irurarrak eta, pilotariek jokatzen duten bitartean, horretan jarraitzeko asmoa dauka.

Batzuek xarean joka dezaten, beste norbaitek egin behar. Horren ardura du Peio Arsuagak (Irura, 1974). Aitak utzi zuenetik dihardu horretan, eta, egun xaregile gutxi badaude ere, esperantzarekin hitz egiten du lanbideaz.

Noiz eta nola hasi zinen xareak egiten?

Hogei urte nituenean edo hasi nintzen, aitarekin ikasten. Gero, pixka batean utzi egin nuen, baina aitak minbizia bat pasatu zuen, eta besoan indar gutxi geratu zitzaionez, nik segitzea erabaki nuen.

Nola egiten dituzu?

Aurrena, mendira joan behar da eta egurra hartu. Lehen, gehienbat, gaztaina eta hurritza erabiltzen ziren, baina, orain gaztaina gutxi daudenez eta gaitza daukatenez, hurritza erabiltzen dugu. Bere garaian moztu behar da, ilargiaren arabera, eta forma eman behar zaio eskuz. Lehortzen urtebete eduki ondoren, zuritu, lixatu eta bernizatu egin behar da. Azkenik, sokak jartzen ditugu.

Orain, zuk hartu diozu erreleboa aitari. Nola jaso zuen albistea?

Bere lanak segida zeukala ikusi zuen, eta izugarrizko ilusioa egin zion. Izan ere, pasioz bizi du xaregintza. Niri ere gustatzen zait, eta pena ematen zidan galtzeak. Txikitatik ikusi izan dut aita xareak egiten, egurra mozten...

Xaregintzatik bizi al daiteke?

Ez. Xare bat egiten behar duzun denborari ez dakizu zein prezio jarri ere. Izan ere, ordu asko behar dira, baina, garesti jartzen badituzu, inork ez du jokatuko. Xareak egiteak kostua du, baina dirua ez galtzera egiten dut lan. Xarea mantentzeagatik egiten ditut, hemen beste inork ez dituelako egiten.

Zein ezaugarri eduki behar ditu xare on batek?

Bere forma eta neurriak dauzka, eta ez da berdina haurrentzat edo helduentzat egitea. Sokaren kotoiak ere nahiko gozoa izan behar du, elastikotasun pixka batekin. Guk erabiltzen ditugun sokak aurkitzea ere gero eta zailagoa da. Izan ere, gaur egun, material guztia sintetikoa edo plastikozkoa da.

Euskal Herrian ez zarete xaregile asko izango.

Nik dakidala ez. Lau inguru izango gara, baina, agian, besteren bat ere egongo da. Iruñean beste bat zegoen, baina hil egin zen. Hegoaldean beste inor ez dago; iparraldean hiru daude, eta batek esan zidan aurten utzi egin behar zuela.

Batez ere, nori saltzen dizkiozu?

Gehienbat Irurako xare eskolarako egiten ditut, eta norbanako batzuek ere eskatzen dizkidate, baina ez dut urtero kopuru finko bat egiten. Aurten, adibidez, pilota eskolarako asko eskatu dizkidate, izena ume askok eman dutelako. Xareak egiteaz gain, konpondu ere egiten ditut.

Xaregile izanda, inoiz ez al duzu gogorik eduki xarean jokatzeko?

Txikitan jolasten nuen, baina erori eta eskumuturra hautsi nuen. Xarean gehiena eskumuturrarekin egiten da, beraz, utzi egin behar izan nuen.

Xaregintzaren etorkizuna nolakoa izango dela iruditzen zaizu?

Xarean jokatzen jarraituz gero, norbait izango da egingo dituena. Nik ez daukat inolako arazorik xareak egiten ikasi nahi duenari irakasteko. Afizio batengatik hartzen duzun konpromisoa da xaregintza, eta xarea mantentzeagatik egiten ditut.

Eta zuk jarraitzeko asmoa al daukazu?

Bai, osasuna eta denbora daukadan bitartean jarraituko dut. Gustatuko litzaidake herritarrei ikastaro bat eskaintzea ere, beraiek ere xareak egiten edo konpontzen ikasteko. Horrela, agian, norbaiti sartuko litzaioke gogoa, bera ere egiten hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!