Irurako EAJk egun alkate den Ana Leunda aukeratu du, berriro, maiatzeko hauteskundeetan alkategai izateko. Azken lau urtean «Iruran aldaketa nabarmena» izan dela azaldu du Leundak: «Emandako hitza bete dugu, eta herritar guztien alde egin dugu lan».
Hemendik aurrera indartzen eta garatzen jarraitu nahi dituen hiru alorren berri eman du, Irurako garbitokian egindako aurkezpen ekitaldian: «Herriko ekonomiaren indarberritzeari dagokionean, merkataritza proiektu berriak sustatzeaz gain, herriko enpresekin harremanak berreskuratu ditugu; gizarte politiken arloan, adin guztietako iruratarrentzat jarduerak ugaritu ditugu; eta hirigintzari dagokionean, begi bistako hobekuntzak egin ditugu, espaloietan, aparkalekuetan, hilerrian edota haur eskola berrian».
Egindako lanarekin «harro» agertu da Leunda eta aitortu du, azken lau urte hauek «oparoak» izan diren arren, asko dagoela egiteko oraindik. «Datozen lau urteetan orain arte egindakoan sakonduko dugu eta Irurako etorkizuneko erronkei erantzungo dieten proiektuak jarriko ditugu martxan». Alkategaiak esan du, EAJko lan taldeak helburu berarekin egingo duela aurrera: «Iruratar guztion ongizatearen alde. Berdintasuna, zahartzaro osasuntsua, kalitatezko enplegua, merkataritza, ingurumena, euskara, kultura, kirola… Horiek dira, etorkizunean ere, elkarrekin eta elkarlanean, Irura indartsuago baten alde landuko ditugun gaiak».
GBB-REN BABESA
Irurako garbitokian egindako aurkezpenean, Leundarekin batera izan da Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea eta, lan taldeak hartutako konpromisoa eskertzeaz gain, «Irurak behar zuen aldaketa gauzatu dela» azpimarratu du. Azken hamarkadetan EAJk «ikuspegi politiko, demokratiko eta etiko batetik ziurtatu du, modu egokienean, gure herriaren etorkizuna» gehitu du Egibarrek: «Nazioa behetik gora eraikitzen delako, herrietatik hasita, hain zuzen ere».
Duela lau urte bezala, «ilusio handiarekin, gogotsu eta lanerako prest» agertu da Leunda eta, alkate izatearen esperientzia bere gain duela, «iruratar ororen ongizatea bermatzen jarraitzea» helburu izango duela azpimarratu du. Alderdiak eta alderdikideek bere gain berriro jarritako konfiantza eskertu eta ardura hori hartzea «ohorea» dela nabarmendu du.