'Irura Bizi' izena aukeratu dute herriko elkarte berriarentzat

Ataria 2018ko abe. 15a, 17:42

Irurako Gazte Alaiak elkartean egindako bertso-babarrun bazkarian jakinarazi dute izena, aukeratutako seien artean bozkatuena. Izena proposatu dutenek, Jon Bordagaraik eta Gari Yarzak, Irura bertako produktu sorta eskuratu dute.

Duela hilabete batzuk ekin zion Irurako elkarte berriak bere bideari, eta hilabete hauetan, elkartearen izaera zehazten joan dira pausoz pauso, eta tartean, ekintza batzuk ere antolatu dituzte; Aitor Mendiluzeri omenaldia egin zioten martxoan, eta gaztekin elkarlanean, uztailean Uztafesta antolatu zen, besteak beste.

Gaur bertso-babarrun bazkaria egin dute Gazte Alaiak elkartean. Menuaren osagai gehienak herriko baserrietako eta eskualdeko baserrietako produktuak izan dira. Gainera, goizean, herriko baserrietara bisita egin dute herritarrek babarrunaren prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Bazkalostean, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran aritu dira bertsotan eta saioa abiatu aurretik jakinarazi dute elkartearen izena. Azkeneko asteetan herritarrek euren izen proposamenak egin dituzte –40 izenetik gora– eta horietatik sei aukeratu zituzten elkarteko kide batzuen artean. Ordutik, gustukoenaren alde bozkatzekoa aukera izan dute herritarrek eta gaur jakinarazi dute kultur, kirol eta transmisio alorrean arituko den Irurako elkartearen izena. Botoa eman duten 60 lagunen arabera, Irura Bizi da izenik aproposena elkartearentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!