«Playas de Castellon Espainia mailan dagoen talde onenetako bat da, eta aukera ona iruditu zitzaidan»

Asier Imaz 2018ko aza. 28a, 12:00

Egunerokotasunean ez zaio gauza gehiegirik aldatuko Maria Lasa irurarrari. Aurtengo denboraldirako Playa de Castellonekin fitxatu du, baina, iazko denboraldian bezala, Tolosan eta Donostian entrenatzen jarraituko du. Lesio bat tarteko, ez da ari behar bezala entrenatzen, baina, osatu bezain laster bere onena emateko gogoz agertu da.

Iazko denboraldira arte Tolosa CF Atletismoko kidea zinen, nahiz eta Donostian ere ibili.

Tolosarekin Euskal Herri mailako txapelketatan lehiatzeko aukera izaten nuen, eta Atletiko San Sebastianekin Espainia mailakoetan. Donostiako taldearekin, gainera, ohorezko mailan jokatzeko aukera nuen.

Denboraldi honetan, ordea, hori guztia aldatu egingo da.

Bai, aurtengo denboraldirako Playas de Castellonekin fitxatu dut. Talde hau ere ohorezko mailan dago.

Nondik sortu zitzaizun aukera?

Aurreko denboraldia nahiko txukuna egin nuen eta nitaz interesatu ziren. Duela bi hilabete inguru iritsi zitzaidan haien eskaintza.

Denboraldi oso txukuna egin duzulako jaso zenuen deia. Zer etorri zitzaizun burura?

Ez nekien zer egin. Azken batean, Espainia mailan dagoen talde onenetako bat da, eta gainera, krosak taldeka lehiatzeko aukera izatea positibotzat ikusten nuen. Nire adinean Europan konpetitzeko aukera ere badago talde bezala. Beraz, aukera ona iruditu zitzaidan.

Beraz, nazioarteko lasterketa gehiagotarako ateak zabaldu dizkizu. Ze konpromiso ekartzen dizkizu honek?

Nik berdin jarraituko dut. Tolosan eta Donostian aritzen naiz entrenatzen, alde horretatik ez da ezer aldatuko. Bakarrik, lehengo urtean Atletikorekin lehiatzen nituen txapelketetan talde berriarekin ibiliko naizela. Beste guztia berdina da, ekipazioa aldatuko zaidala. Eta puntuak beste ekipo bati emango dizkiodala.

Beraien talde juniorra indartzeko fitxatu zaituzte. Horrek norbanakoaren presioa leuntzen laguntzen du?

Ez dakit ba zer esan. Momentu honetan presio pixka bat sentitzen dut, lesioagatik ezin dudalako behar bezala entrenatu eta ez dakidalako nola joango den denboraldia. Haiek nigan konfiantza osoa jarri dute, baina nik neure buruagan ez daukat askorik momentu honetan.

Zer moduz zoaz lesioarekin?

Pixkanaka badoa, baina sendatzeko pixka bat geratzen zaio oraindik. Hasi naiz korrika dagoeneko, gerra apur bat ematen didan arren.

Zehazki non eduki zenuen lesioa?

Behatz batean, bosgarren metatartsoan, haustura bat eduki nuen. Horrez gain, duela urtebetetik edo tendoi bateko molestiekin nenbilen, baina ez zidan gerra handiegirik ematen. Haustura egin nuenetik, ordea, okertu egin zait tendoiko lesioa ere.

Zenbat denbora falta zaizu lesiotik errekuperatzeko?

Berez, hezurraren hausturari dagokionez, nahiko ondo nago, baina orain tendoia da lanak ematen dizkidana. Hori tratatzen hasi behar dut orain. Kros denboraldia pasatzen utzi beharko dut, baina pentsatzen dut, apirilerako, pistan hasten garenerako eta niretzat garrantzitsuena denerako, ondo iristea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!