Irurako jaiak 2018

«Gauza polita eta herrikoa zela ikusita hasi nintzen xaregintzan»

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 21a, 08:00

Xaregile bezala aritzeko, Jesus Mari Arsuagaren (Irura, 1941) ustez, pilota mundua maitatu behar da bere modalitate guztietan. Afizioaz gain, ordea, ofizioa ere behar da, eta berak urteetan erakutsi du eskulangintzarako trebetasuna.

Nola jaso duzue txupinazoa botatzeko albistea?

Ustekabean, eta aldi berean, pozez. Etxafuegoa piztea festei hasiera emateko polita izango dela iruditzen zait.

Noiz hasi zinen zu xareak egiten?

48 urte izango dira hasi nintzela.

Zeini ikasita?

Jose Ameztoiri. Gu txikiak ginenean bera ibiltzen zen xareak egiten eta gero 80 urte zituenean utzi egin zuen. Urte batzuetan, aitona horrek egiten ez zituenez, xarerik ez zen izaten eta jostatzeko ez genuen tresnarik izaten, elizako arkupeetan ibili behar izaten genuen. Gero urte batzuk beranduago, Donostian Munduko Txapelketak izan zirenean, xareko partidak hasi ziren berriz. Gauza polita zela eta herrikoa zela ikusita, Ameztoiri eskatu nion egiten erakutsiko ote zidan. Nire lan orduetatik atera eta berarekin egoten nintzen denboraldi batez. Berak erakutsi zizkidan egurraren gorabeherak eta hariak nola ziren. Eskatu nionean, ia ahaztuta zeukan baina gustura erakutsi zidan, eta hortaz, ni ere gustura.

Zuk zeuk bildu izan duzu xareak egiteko egurra. Non?

Irura mendian bildu izan dut. Hasiera batean, gehiena gaztaina, baina geroz eta gutxiago dago eta gaitza dauka gainera, beraz, ez da oso fidagarria. Gero urritzarekin hasi nintzen; asko dago hemen eta horrekin egin izan ditut.

Izan al duzu harremanik beste xaregileekin?

Hartu-emanak izan ditut Iparraldeko jendearekin. Han oso xare onak egin izan dituzte eta nik haientzako baino gehiago, hangoek hemengo pilotarientzat egin izan dituzte xareak.

Xarearen berreskurapenaren lekuko izan zara?

Pilotaririk onenak, xarez nagusi izan direnak, Argentinan zeuden. Hara joateko hiru lagunentzako bidaia prestatu zuen federazioak, hango pilotariekin hilabetez ikasi eta bueltakoan hemengo jendeari erakusten hasteko.

Munduaren puntan izatera iritsi zarete irurarrak xarean.

1988an izango zen, Munduko Txapeldun geratu ziren irurarrak. Xarean lan asko egin duena Mikel Uzkudun izan da. Hari eskerrak. Hark erakutsi zien ondorengoei. Hemengo mutikoei erakusteko eginahal handia jarri zuen.

Non duzu xareak egiteko txokoa?

Etxe azpian badut garajea eta han izaten ditut tresnak. Egurra doblatu, sikatzen utzi, limatu eta bertan ibili izan naiz xareak egiten.

Mekanikoa izan zara ofizioz. Abilidade handia duzu esku lanetarako?

Horretan bakarrik izan dut. Bestetan ez dut probatu [barrez]. Beste gauzetan aritzeko partez, xarearekin pasatzen nuen nire denbora librea. Honetan aritzeko, gustatu egin behar.

Semeak hartu du orain erreleboa.

Gaixotasun batengatik besoa nahikoa murriztuta geratu zitzaidan eta horregatik semea hasi zen. Oso gaztea zela ikas, baina gero utzi egin zuen. Ni horrela ezinduta ikusi ninduenean, gogo gehiago jarri zuen eta berak segitzen du orain.

Txupinazoaren orduan esateko hitzen bat prestatu al duzu?

Ez. Festak ondo pasatzeko eta bakean pasatzeko, horixe esateko asmoa dut. Besterik ez.

Eta nola igaroko dituzu zuk aurtengo San Migel festak?

Betiko martxan. Gure gaztetako garaietatik asko aldatu da festa. Orduan beste ilusio batekin bizi genuen. Orain patxada handiagoarekin bizi dugu, baina igandeko xare partida ikustera joateko gogoa badaukat.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!