Irurako jaiak 2018

Irurako xaregileek hasiko dituzte aurtengo festak

Jon Miranda Labaien 2018ko ira. 19a, 13:57

Jesus Mari Arsuagak eta bere seme Pello Arsuagak ostiralean botako dute San Migel festei hasiera emateko suziria udaletxeko balkoitik.

Ana Leunda alkateak, herri osoaren izenean zoriondu ditu bi xaregileak eta eskerrak eman dizkie, "parte batean beraiengatik jokatzen delako xarea Iruran". Herrian duten ezaugarri garrantzitsuenetakoa da pilota modalitate hau eta duela ia 50 urte hasi zen Jesus Mari Arsuaga xareak egiten. "Berak egindako tresnarekin hemengo pilotariak munduan zehar ibili dira eta dominak ere irabazi izan dituzte", esan du Leundak.

Xareak, gainera, badu etorkizuna herrian eta alkatearen esanetan, hori Pellori esker da, "xarean dabiltzan pilotarientzat eta Irurako pilota eskolan dabiltzan haur eta gaztetxoentzat aritzen baita". Erreleboa ziurtatuta dagoela dio Leundak, "aitak ondo erakutsi, eta ondo ikasi du semeak, horregatik izango dute biek suziria botatzeko ohorea".

Bi asteburuetan jai giroa

Festa batzordeak erabaki du herriko bi xaregileei ematea txupinazoa botatzeko ardura. Azken lau hilabeteetan bilera dezente egin ditu batzordeak eta herriko jende ezberdina aritu da lanean. Hain zuzen ere, igandean eta xarearekin loturiko ekimenekin jarraitzeko, partidak izango dira Trinketean. Aurrena, haurren arteko lehia izango da 16:30ean eta Gorka Huici eta Lander Huarte, Markel Mujika eta Oier Iturberen aurka ariko dira. Ondoren, 17:00etan, lehia berezi bat izango da eta Irurako beteranoen eta orain puntan dabiltzan gazteen arteko partida jokatuko da: Iñax Iturbe eta Joxelu Larrarte, Julen eta Eki Apeztegia anaien aurka. Partidu honen emaitza asmatzen duenak, saski bat irabazteko aukera izango du, gainera.

Ostiralean hasita, bi asteburutan luzatuko dira aurten Irurako festak. Ohiko antolaketari jarraituko diotela aipatu du Alex Lasa kultura teknikariak. Aurten, festen lehen egunean ez da danborradarik egingo, "jai batzordean horrela erabaki delako", eta kalejira batekin osatuko dute txupinazoaren eta barrikotearen arteko tartea. Buruhandi eta erraldoiak ibiliko dira Loatzo musika eskolako musikariekin batera.

Bigarren asteburuan ere izango da nobedaderik, San Migel eguna aurten larunbatarekin egokitzen baita. Irailaren 29an, eguerdian egin ohi zen herri bazkariaren ordez, afaria izango da plazan eta bertara joateko txartelak udaletxeko harreran eta kultura bulegoan izango dira goizez salgai eta Trinketean goiz eta arratsaldez, irailaren 22ra arte. Gau horretan, bi musika emanaldi izango dira. Irura Kafetegiak antolatuta, dantza latinoak izango dira Atxupi plazan eta San Migel plazan, berriz, Laket taldea arituko da.

Irailaren 30ean bukatuko dira aurtengo San Migel festak. 20:00etan Eguzki Goxo abesbatzak emanaldia eskainiko du eta horren ondoren erreko dute herensugea. Hala ere, erretiratuek, beste jai egun bat izango dute urriaren 7an, igandearekin. Mezaren ondoren, bazkaria izango dute Aizpurua jatetxean eta gero musika dantzagarria Joxe Mendizabalen eskutik.

Amaitzeko, herritarrei eta egunotan bertara etorriko diren bisitariei deia luzatu die Ana Leunda alkateak: "Disfrutatzeko, bizitzeko festak alaitasunez eta errespetuz. Herritarrek errespetu osoarekin joka dezatela arlo eta momentu guztietan". Jende askok lan egin du aurrez festak antolatzeko eta egun hauetan ere lanean arituko da guztia ondo atera dadin. Haiei eskerrak emanez bukatuko du agerraldia alkateak: "Lan egingo duten horiei esker, gainerakoek festez disfrutatu ahal izango dugu".

Erlazionatuak

Irurako sanmielak 2018: egitaraua

Tolosaldeko Ataria 2018 ira 12 Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!