Irurako elkarte berria sortzeko prozesuarekin jarraitzeko bilera, bihar

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 12a, 08:51

Irurako plazan egingo dute lehenengo bilera 18:00etan eta martxan jarri nahi dituzten hiru lantaldeetan parte hartzeko aukera dago

2017ko udazkenean hasi ziren Irurako elkarte berriaren sortze prozesuarekin, eta harrezkero, hainbat urrats eman dituzte: elkartearen helburua eta balioak adostu dituzte, Irurak dituen erronkak zehaztu eta horiei aurre egiteko ideia proposamenak jaso dira. Gainera, hori guztia gauzatu ahal izateko lanerako antolaketa-egitura bat ere adostu dute ekimenean parte hartu duten herritarrek.

Orain, lanerako egitura martxan jarri nahi dute talde sustatzailetik; helburu berbera partekatuz, taldetxo bakoitza bere bidea egiten hastea da asmoa ikasturte berrian.

Hiru dira irailetik aurrera Iruran martxan jarriko dituzten lantaldeak: kirolari buruzkoa lehena, kultura eta gazteekin lotutakoa bestea eta herri biziarekin zerikusia duena azkena; transmisioa, euskara, solidaritatea, auzolana eta kulturartekotasuna landu nahi dituzte azken lantalde horretan.

Hiru lantalde horietakoren batean parte hartzeko interesa duten irurar guztiekin bilera egingo da bihar, irailak 13, osteguna. Taldea osatu, epe laburrerako plangintza bat zehaztu eta hori garatzen hasteko. 18:00etan plazan egingo dute bilera eta eguraldi txarra eginez gero plaza ondoko gela biribilean. Umeen zaintza zerbitzua egongo dela jakinarazi dute, antolatzaileek.

Beraz, interesa duten Irurako herritar guztiei dei egiten diete biharko bilera horretan parte hartzera, 18:00etan izango da herriko plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!