Hondakinak hobeto sailkatzeko oharrak kaleratu ditu Irurako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 9a, 13:08

Irurako Udalak herritarrei arreta jartzeko eskatu die, hondakinak sailkatu, dagokien edukiontzian sartu eta hondakin organikoa poltsa konpostagarrietan ateratzeko. Informazio orriak banatu dira etxez etxe eta kartelak jarri dituzte bilketa puntuetan.

Udalak gomendio sorta eman die herritarrei, etxean sortutako hondakinak egoki kudeatu ditzaten. Besteak beste, hondakinak edukiontzietatik kanpo uztea debekatuta dagoela gogorarazi diete eta zaborrak ondo bereizi eta dagokion edukiontzietara sartzeko eskatu dute, ondoren birziklatu ahal izateko.

Hondakin organikoa beti poltsa konpostagarrietan sartu behar dela gogorarazi diete herritarrei. Doan banatzen dira poltsa konpostagarriak Irurako udaletxean, etxe bakoitzean urteko bost pakete. Gehiago behar dituenak udal bulegoetan erosi ahal izango ditu.

Kulturgunean dauden edukiontzi berezietara eraman behar dira arropa, olio eta hondakin arriskutsuak. Sukaldean erabilitako olio begetala eta arropa zaharrak biltzeko edukiontziak daude bertan jarrita. Altzari eta trasteak, berriz, hilaren lehenengo eta hirugarren ostiral goizetan biltzen dira. Bestela Tolosa edo Andoaingo garbigunetara eraman daitezke. Altzari eta traste horiek edozein egunetan ez uzteko eskatu du Irurako Udalak.

Auzokonposta

Zerbitzu hau martxan jarri zenean 50 familia inguruk izena eman zuten. Erabiltzaileak gutxitzen joan dira ordea, eta gaur egun lau familiak besterik ez dute jarraitzen konposta egiteko etxolak erabiltzen. Irurako Udalak esan duenez, "zerbitzu hau kudeatzeak 3.300 euro inguru kostatzen da urtero".

Ikusita erabiltzaileak gutxi direla, mantentze kostua handia dela eta gainera sortzen den konposta ez dela erabiltzen, jende gehiago prest agertzen ez bada, zerbitzua kentzea proposatu du udal gobernuak. Auzokonposta taldean sartzeko prest dagoen herritarrak izena eman dezake udal bulegoetan.

Bukatzeko, Irurako Udalak nabarmendu duenez, "Tolosaldeko Mankomunitateak aukera ematen du etxean sortzen diren hondakin guztiak era egokian kudeatzeko". Zerbitzu  horiek behar bezala erabiltzeko deia luzatu dute: "Ingurumenak eskertuko dizu, jokatu ezazu arduratsu, guztion zeregina da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!