[GUTUNA] Eskualdeko beherakada handiena Iruran

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Irura 2018ko uztailaren 9a

Irurako EH Bilduren gutuna:

Tolosaldeako Mankomunitatearen arabera, Iruran, 2016an, hondakinen %70 gaika sailkatzen genuen. Udal gobernu berriak bilketa sistema aldatu zuen eta 2018ko lehen hiruhilekoan %61ra jaitsi da datua. Honek zer suposatzen du?

  • Eskualdeko beherakada handiena gure herriak izatea
  • Tolosaldeako bataz bestekotik behera gelditzea (eta joera beherantz doa). Kontutan eduki behar da Alegian hondakinen %83,83 bildu dela gaika, eta Ikaztegietan %81,81. Gu baino 20 puntu gorago!
  • Organikoaren kasuan, konpostatze plantetan arazorik ez izateko gutxienez %95ko purutasuna izan behar du, eta Iruran ez gara iristen,%93an gaude (inpropioak momentuz %7 baitira, -eta tamalez, gorantz goaz).

Datu esanguratsuak dira, eta esanguratsuagoa datu horien aurrean udal gobernua geldirik egotea. Jarrera hori bi moduetara interpreta daiteke: axolagabekeria edo gaitasun falta. Edo biak batera.

Gogoratu behar da udal gobernuak, sistema aldatzean, promes egin zuela, datuak onak ez baziren neurri zuzentzaileak hartuko zituela 6 hilabetera.  Gaur arte.

Bi urte eta erdi pasa dira eta indarrean dagoen sistema edozein izanik ere, birziklatzearen aldeko apustu zintzoa egiten dugu EH Bildutik, eta datuek mahai gainean ipintzen duten errealitate gordin bezain kezkagarriari aurre egiteko eskaintza mantentzen dugu. Beraien aldean, guretzat hau ez delako hauteskunde kanpaina baterako puntua, egungo eta etorkizuneko gizarte iraunkorrago eta osasuntsuago bat lortzeko bidea baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!