Maxux Olanori aitortza egin dio Irurak

Ataria 2018ko ekainaren 21a

Maria Jesus Olano 45 urtez aritu da lanean Irurako Udaleko administrazio sailean. Ostiralean hartu zuen erretiroa, eta lankide, udal ordezkari eta herritarrek omenaldia egin zioten.

Maxux Olano 1973an hasi zen lanean Irurako Udalean, administrari gisa. 45 urteren ondoren erretiroa hartu du, eta urte luze hauetan egindako lana eskertu nahi izan dio herriak. 

Goizean, ezustean, harrera egin zioten lankide guztiek udaletxe atarian, txistu hotsez lagunduta. Bere ibilbidearen nondik norakoak biltzen dituen ikus-entzunezko bat ere prestatu zioten lankideek. Egurrean tailatutako kutxa bat oparitu zioten, barruan beste opari gehiagorekin.

Arratsaldean, berriz, udal ordezkariek egin zioten omenaldia. Bertan ziren lankideak, eta alkate eta zinegotzi ohiak ere. Ana Jesus Leunda alkateak esker ona adierazi zion, udalaren izenean, eta herriko lepoko zapia jarri zion. Erloju bat ere eman zioten opari gisa. Lankide batek prestatutako bertsoak abestu zizkioten guztien artean.

Omenaldiak plazan jarraitu zuen. Agurra dantzatu zioten udaletxearen atarian. Segidan, ikastolako haurrek bertsoak abestu zituzten, Eguzki Goxo abesbatzak ere emanalditxoa eskaini zuen, eta pilota eskolako eta Gazte Alaiak elkarteko kideek ere opariak eman zizkioten. Aizpurua jatetxean eman zioten amaiera omenaldiari, afari batekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!