Udaleko irekietarako begiraleak kontratatuko dituzte

Ataria 2018ko maiatzaren 2a

Goiz Pasa 2018 udaleko irekiak antolatu ditu Irurako Udalak ekainaren 26tik uztailaren 27ra. Hiru ordu eta erdiz arituko dira gaztetxoak goizetan eta haiekin hezitzaile lanetan aritzeko begiraleak behar dituzte.

Izena ematen duten haur kopuruaren arabera alda daitezke baldintzak. Hala ere, hezitzaile lanetan aritzeko beharrezkoa da adinez nagusia izatea, euskaraz jakitea eta aisialdiko begirale tituluaren jabe izatea. Kontuan hartu eta baloratuko dira, errolda, titulazioa, ikasketak eta lan eskarmentua, besteak beste. Aurten aisialdiko begirale titulua lortzeko lehen praktikak burutu behar dituzten irurarrentzat lau plaza gorde ditu udalak.

Interesatuek curriculumak eta titulu, ikastaro eta lan egin izanaren kopiak udaletxeko bulego orokorrera eraman beharko dituzte, maiatzaren 16ra bitartean. 09:00etatik 14:00etara egoten dira zabalik udal bulegoak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!