Herritarren omenaldia jaso du Aitor Mendiluzek

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 10a, 14:31

"Harridura, poza, ilusioa, nola itzuli jakin eza; gauza asko" sentitu ditu Mendiluzek omenaldian. Irurako herriko plazan jende ugari elkartu da, bertsolariari omenaldia egiteko. Abestia eskaini diote, dantzariek euren saioa, bere marrazki bat oparitu diote, eta, noski, bertsoak ere izan dira.

"Ez nuen espero horrelako ekitaldirik", esan du Mendiluzek. "Esan zidaten eguna gordetzeko, baina gehiago ez nekien. Ilusio handia egiten du". Jaiotzez andoaindarra da, eta urte asko daramatza Iruran. "Beti izaten da jendearekin harremana bai, baina gero batera eta bestera gabiltza, plazetan ere bai, eta askotan sentsazioa herrian ez garela nahi bezainbeste egoten. Horrelako egun batean herriko jendea elkartzea zuregana eta eskerrak ematea oso polita da".

Aurretik ere omendu dute herrian, eta agian ere izango ditu gehiago. "Omenaldiak ez dira inoiz espero", esan du Mendiluzek. "Nik uste dut ez dagoela kopururik, eta ez dagoela modurik. Bakoitza da berezia, eta bakoitza da esker on bat, eta bakoitza da ahaztu ezineko momentu bat. Etorriko balira zoragarri, baina uste dut inork ez digula ezer gehiago zor".

Herrian sortzen ari den elkarte batek antolatu du ekitaldia. Plazan jendea zain zegoela agertu da Mendiluze, eta hortxe jaso du lehen txalo zaparrada, gerora ugariak izan direnak. Lehenbizi Irurako Ikastolako ikasleek abestia eskaini diote, eta ondoren herriko dantzariek zenbait dantza egin dituzte.

Bertsolarien txanda izan da hurrengoa, eta Mendiluze beraren Jon semea aritu da Beñat Iguaran eta Anjel Mari Peñagarikanorekin bertsotan. Ekitaldiaren hurrengo unea Patxi Gallego ilustratzaileak eginiko marrazkia ematea izan da. Eta dantzariek agurra dantzatu ondoren, eskerrak eman ditu Mendiluzek, berak hain ondo dakien moduan, bertsotan.

Plazako ekitaldia bukatu ondoren, triki-poteoaren ordua iritsi da. Ondoren, bazkaria egiten hasi dira frontoian, 90 bat herritar, eta bertan bertsoak entzuteko aukera ere izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!