Gauza nabaria da azken urteetan gizartea asko aldatu dela. Elkarlanerako eta auzolanerako ohitura gutxiago dago eta Iruran ere sumatzen da hori. Gainera egoera horri, herriak urte gutxitan izan duen hazkunde azkarra gehitu behar zaio. «Giro itzalia nabaritzen da Iruran, herritarren artean ia harremanik ez dago eta gauza gutxi antolatzen dira». Diagnostiko hori herritar askok konpartitzen dute eta lanketa bat abiatu dute, bilgune bat sortu eta herri giroa biziarazteko.
Herrian banatutako inkesten emaitzetan eta eragileekin egindako bileretan agerian geratu da herritarrek kezka konpartitua dutela. «Haustura bat dago betiko iruratar eta herrira bizitzera etorri direnen artean. Transmisioa eten egin da. Gaur egun kalean gabiltzan gehienak ikastolaren bueltako gurasoak eta umeak gara, baina jende gehiago ere bizi da Iruran. Gazteak, DBHko ikasketak egitera kanpora joaten dira eta herriko kaleetatik desagertzen dira behin adin batera iritsita». Goizargi Oruesagastiren hitzak dira, herrian elkarte bat sortzeko prozesua dinamizatzeaz arduratu den zortzi pertsonako talde motorreko kidea.
Uda ondoren egin zuten lehen bilera informatiboa, herritar batzuk egina zuten diagnostikoa konpartitzeko. Deitzaileak pozik daude erantzunarekin, 30-35 pertsona gerturatu baitira lehenengo bileretara. Dagoeneko, talde eragileak 60 herritarrez osatutako zerrenda du eskuartean eta bertako kide Garbiñe Mendizabalek jendeak parte hartzeko agertu duen gogoa nabarmendu du: «Interesa badute gauzak egiteko, baina ez dakite nola. Herritarrek tresna bat behar dute, egitura bat. Gauzak antolatzeko hutsune hori beteko luke elkarteak».
Gorka Muruak ere hartzen du parte taldean eta bera da jatorriz irurarra den bakarrenetako bat: «Orain arte egin ditugun bileretan, akaso, beste herrialdetako jatorria dutenak edo Tolosako ikastetxeetara umeak eramaten dituzten gurasoak gerturatzea falta zaigu, baina elkartea sortzeko prozesuak berak ere balio behar du horiek erakartzeko». Helburuari bezainbesteko garrantzia ematen diote bideari, ez baitiote zentzurik ikusten zortzi laguneko talde bat herrian ekintzak antolatzen aritzeari. «Denon artean eraiki nahi dugu elkartea, denon artean erabaki, hori baita luze irauteko bermea».
BALIOETAN OINARRITUTA
Lehen bilera batean balizko elkarte horren helburuak zehaztu zituzten. Herria aktibatu nahi dute eta elkargune bat sortu, aisialdi arloan herrian dauden beharrak ase eta kirol edo kultur mailan ekintzak antolatuz, herri biziago bat egiteko. Elkartearen balioak ere zerrendatu dituzte: autonomia izango du, elkarlanean eta parte hartzean oinarrituko da, euskararen eta belaunaldien arteko kultur eta ondarearen transmisioa bermatuko du, anitza izango da eta konpromiso soziala eramango du praktikara.
Hurrengo bileretan elkarteak izango dituen erronkak zehaztuko dituzte, eta Oruesagastik horietako batzuk aurreratu ditu, jadanik: «Gazteen arlokoa aipatu dugu, transmisioarekin lotutakoa eta beste bat herri giroarekin zerikusia duena». Erronka horietan oinarrituta ekintza sorta bat proposatuko dute aurrerago. Bide horretan, elkarteak izango duen egitura zehazten joango dira.
Hasiera batean elkartea osatzeko epe muga bat jarri baldin bazioten ere euren buruari, «pixkanaka» ari dira, prozesuaz gozatzen eta tartean sortu diren eskaerei kaso eginez. Datorren larunbatean, Aitor Mendiluze Iruran bizi den bertsolariari herri omenaldia egiteko proposamena herritar batek luzatu zion sortze bidean den elkarteari eta egindako gonbita gustu handiz hartu dute.
Ez da eskaera bakarra izan. Galtzaundi euskara taldea eskualdeko euskalgintza aktibatzeko lana egiten ari da azken hilabeteetan eta aurtengo urte amaieran Euskaraldia ekimena prestatzeko laguntza eske ari da herriz herri. Iruran, talde eragilearengana jo du eta «gustu handiz» hartu du proposamena, «gure balioen barruan ere sartzen baita euskararen transmisioa», esan du Mendizabalek.
Badabil mugimendua herrian eta «esperantzatsu» azaldu da taldean parte hartzen ari den Nerea Bidaurreta. Orain Iruran bizi den egoera irauli nahi dute parte hartze prozesuarekin: «Astean zehar, eskolaren aitzakian eta plaza inguruan mugimendu pixka bat egoten da, baina iristen da asteburua eta hemen inor ez da geratzen». Taldeko kideek uste dute «potentzialitate» handia dagoela Iruran, besteak beste, eskualdeko herririk gazteena baita: «Egia da herria asko aldatu dela, baina egoera horretara egokitu beharko dugu lehenagokoa baztertu gabe. Esnatzeko garaia da».
HERRI OMENALDIA, ETZI, AITOR MENDILUZERI
Duela lau urte, aurreko Txapelketa Nagusiaren aitzakian omenaldia egin zitzaion Iruran bizi den Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) bertsolariari. Iazko abenduan ospatutakoan, txapeldunorde izan zen, «baina ez diogu horregatik bakarrik egin nahi omenaldia». Ibilbide oso bati aitortza egin nahi diote, euskalgintzan eta kulturgintzan bertsolaritzak betetzen duen tokia aintzat hartuta eta aitortuta, bertso mugimenduak sortze bidean den elkartearen balioekin bat egiten duela.
Herriko bertsozale batek proposatuta hartu du elkarteak omenaldia antolatzeko ardura eta kideek nabarmendu dutenez, «ez da ekitaldi ofiziala edo instituzionala izango, omenaldi xume bat baizik, herritarrek egindakoa». Bide batez, sortzeko prozesuan dagoen taldearentzat ere mugarri bat izango da larunbatekoa: «Pultsua hartzeko balioko digu, jendea biltzeko eta zein mugimendu klase dagoen antzemateko».
Herritik antolatu dute larunbateko ekitaldia, herritar batengan pentsatuta, baina eskualdera ere zabaldu nahi dute omenaldia. «Eskualdeko eragileekin jarri gara harremanetan eta haiek ere parte hartuko dute». 12:00etan plazan egingo den ekitaldian ikusiko da emaitza. Ondoren, bazkarian bilduko dira eta bazkalostean belaunaldi ezberdinetako bertsolariak ariko dira. «Guk asko estimatzen dugu Aitor eta badakigu, berak ere eskertuko duela egindako aitortza».