Bertso eskolakoekin batera ospatu nahi izan zenuen igande gaua. Eskola horretako hiru lagun izan zarete finalean.
Taldean pasa genuen finalaren ondorena. Askotan esan izan dugu, hori izaten dela txapelketako gauza politenetako bat: taldea, harreman hori, elkarri bultza egiteko gogo hori. Hori gabe, txapelketa askoz gogorragoa eta desatseginagoa izango zitekeen. Esfortzu handia egin behar izaten da, lana gogorra da eta babes horrek, besteen ilusioak, norbera hauspotzen du.
Juanjo Uriarekin gogoratu zineten agurrean Unai Agirre eta zu.
Bertsoarekiko maitasuna transmititu zigun guri eta beti umiltasunarekin. Eredu garrantzitsua dago hor, itzaleko langile nekaezin horietako bat da Juanjo. Guri ere egokitu zaigu lan hori egitea eta ondorengo belaunaldiei ere bai. Bertsoaren muina bizitzea, itzaleko lanaren beldurrik ez izatea, eta askotan, fokupetik kanpo dagoen lan horrekin gozatzen jakitea da gure bertso eskolaren, eta beste askoren sekretua.
Oholtza gainetik tentsio handiz bizitzen da finala?
Saio horrek maila batetik gorakoa izan behar du eta horri eutsi egin behar zaio. Horrek berak, taldea egitera bultzatzen zaitu. Egiten duzuna ez da zurea bakarrik, denona baizik. Eta elkar mimatuta bakarrik ez, antolakuntzak, inguruak, medioek oso ondo zaindu gintuzten. Txapelketa honetan bereziki borobil atera dira gauzak. Aurten aipatzekoa eta eskertzekoa izan da ikus-entzuleen jarrera. Errespetuzkoa izan da. Gehiegizko euforia gabe, goxotasunez saioari eutsi diote. Antolakuntzakoek esan ziguten zeinen txukun eta zeinen jator jokatu zuen jendeak eta hori ere bada final baten parte garrantzitsu bat.
Gozatu al zenuen finalaz?
Bai. Beharbada, inoiz baino kontzienteago egiten ari ginenaz, bizitzen ari ginenaz, gertatzen ari zenaz. Oso sentsazio onak izan nituen, oso eroso sentitu nintzen. Mikrofonora inguratzen nintzenean, jendeari begiratu eta ez nintzen txiki sentitzen beste batzuetan bezala.
Bai goizean, bai arratsaldean, azkeneko tokian kantatzea egokitu zitzaizun.
Batez ere goizekoarekin nuen kezka. Duela zortzi urte ere azkena izatea egokitu zitzaidan, kartzelatik etortzerako jendea altxa eta bazkaltzera zihoan. Oso sentsazio arraroa izan nuen. Kezka pixka bat baneukan, baina ia zenbakia atera zutenean erabaki nuen, zortzigarren, baina berdin-berdin 25 bertso egin behar zirela. Balio izan zidan jarrera horrek. Positibotik hartzea erabaki nuen.
Luzitu zinen bakarkakoetan.
Goizean kartzelakoan azkena izateak, gai berarekin kantatzen duen zortzigarren bertsolaria eta Ametsen atzetik gainera. Garbi neukan beste zerbait egitera jo behar nuela. Bidea nahikoa azkar eta erraz etorri zitzaidan. Momentu egokia iruditu zitzaidan doinu berria plazaratzeko, plus bat eta sorpresa puntu bat ekarri zezakeela pentsatu nuen. Bertsoen exekuzioa txukuna izan zela iruditzen zait, gaia oso gertutik hartu nuen eta gainera istorio luze dramatiko bat egin gabe, sentsazio bat transmititzen saiatu nintzen, eta neurri batean, asmatu nuela uste dut. Konforme nago. Beste bietan ez nintzen disgustura geratu baina sentsazio ezberdinarekin bai.
Nola ikusi zenituen gainerako bertsolariak?
Beste bertsolarien kartzelarik ez nuen entzun, eta horrek desitxuratu dezake daukazun irudipena. Ikusten nuen Sustrai oso ondo: beretik eta kontzentratuta. Aitor ikusten nuen sufritzen, fisikoki ere ez zelako bere baldintza onenetan joan, baina era berean ikusten nuen gauza onak egiten. Ikusten nuen Amets tira eta tira, lan eta lan. Unai distiratsu ikusi nuen, jendea irabaziz. Igor fin-fin beti ohi duen bezala, ohi duen bezain dotore. Beñat, ikusten nuen oso langile, beharbada berak nahiko lukeen distirarik gabe, baina oso bertso onak utziz, jendea lehertuko ez zutenak, baina kalitatez eta intentzioz oso onak. Eta gero Maialen, gainetik, denon gainetik.
Nola hartu zenuen buruz burukora pasako zinela esan zutenean?
Ez nuen neure burua buruz burukoan ikusten, baina kanpora ere ez. Nahiz eta aurreko kabala guztiak hor egon, ez nuen neure burua hor irudikatzen, momentua iritsi arte behintzat. Nire izena esan zutenean, pentsatu nuen, 'ederra izango da, hau Maialenekin jokatzea'.
Zer esan dezakezu txapeldunaz?
Ikusten genuen nola ari zen egun osoan zehar. Bakarkakoa bete-betea egin zuen buruz burukoan. Maialen bertsotan ikaragarria da. Bi hitzetan mundu bat marrazteko gaitasuna du. Beste inork ez duen gaitasun bat du, ezkutuan zegoen ertz hori hartu, hari horri tira eta mataza eder bat egiteko. Horretan da bereziki aparta, badu begirada magiko bat, eta gero, ona da teknikoki edo diskurtsiboki.
Pasa zitzaizun burutik txapelduna izateko aukera?
Ez nuen horretan pentsatzen. Buruz burukoan bertsotan egin behar zela eta lanera joan behar nuela pentsatu nuen: 'lehertzeko momentua da hau, oraintxe da momentua kale edo bale egiteko'. Gero emaitza oso gauza lausoa da eta momentu horretan ez zitzaidan inporta. Zerbait uzten saiatu nintzen eta hortik tira nuen gehiago.
Asko aldatuko al dizu zure bizitza txapeldunorde izateak?
Urte asko daramatzat, orain bat-batean, hainbeste aldatzeko. Horrelako emaitzek orain arte egindako bidea berresten dute. Ez zaituzte aldatzen, baina egin duzuna ez zela okerra adierazten dizute. Eta alde horretatik indartzen zaituzte gehiago. Ez zara hobea lehen baino, baina egiten ari zarenak beste errekonozimendu bat gehiago dauka. Ez naiz hobea izango, ez naiz plazetan gehiago ibiliko, baina nire bide horri beste oniritzi bat ematea da bigarren postua.
Igandean Igor Elortza eta Aitor Sarriegik iragarri zuten txapelketak utziko dituztela. Mendiluzeren burutik pasatzen al da horrelakorik?
Gauza asko ateratzen dira, nekea, belaunaldi kontuak, errelebo kontuak... baina sentsazio oso pertsonalak ere bai. Nik ez dakit. Txapelketa oso gogorra da, final bat oso da gogorra, baina era berean oso da ederra. Onartzen dut, horrela esanda badirudi bekatua dela, baina niri gustatu egiten zait txapelketa. Nik ondo pasatzen dut, sufrituta ere. Beti esaten dut, okerren guk pasatzen dugula baina ondoen ere bai. Zaila egiten zait irudikatzea lau urte barru joan nahiko ez dudanik. Momentua iristen denean, beharbada beste hiru aldiz joango naiz, edo beharbada behin ere ez gehiago. Ikusiko dugu. Oraingoz ez dut uko egiteko arrazoirik ikusten.
Hemendik lau urtera, beste kolore bat izango al du finalak?
Derrigor, dagoeneko bi bertsolarik ez direla egongo esan dutelako. Besteok ez dakit egongo garen edo ez. Ez dakit parte hartuko dugun, eta parte hartuta ere horra iritsiko garen. Lau urte barru beste belaunaldi bat egongo da finalean, beste bertsokera batzuk egongo dira, gure bertsokera ere ez da berdina izango, ondo bidean, oraingoaren garapena beharko luke; orduan bai, derrigorrez eta zorionez, esango nuke, kolore ezberdin bat izango du finalak.