Kontsentsu edo eztabaida horren bila, 15.000 lagun BECen eta beste hainbat etxetik. Irundik seinaleak ematen zetorren Lujanbiok argi utzi zigun, bertsoak «puntuak baino punta / gehiago ditu».
Bertsotan egiteko 8 eredu, tonu eta kolore desberdin genituen oholtzan, entzuleon gozagarri; zortzi ahots, norbere kezka eta ikuspegia eraikitzeko prest. Lehen ordutik zutik jarri eta ohi den txalo zaparrada gurutzatuz iritsi ziren oholtzara, espektatiba altuen jakitun baina gainditzeko gogoz.
Eskualdetik jaso genuen eguneko poz handienetako bat, Aitor Mendiluzek hasi eta buka izugarrizko lana egin baitzuen. Sinpletasuna aldarrikatu zuen goizetik «hitzetatik nator ta / hitzetara noa», baina hitzetatik harago iritsi zen sentipena utzi zigun «errua begietan»; ez zetozen bat hasierako agurra eta bukaerako egurra. Gozamen hutsa eta betea izan zen.
Gainerako seiek ere eskaini zuten zerekin gozatu, norbere puntutik eta norbere puntei tiraka. Ez baita kasualitatea Sustrai Colinak zortziko txikiari ia derrigor eskatzen zaion umoreari zirrikitu bat zabaldu izana Estatu-terrorismoari aipamen bat egin eta hezurrei hitza emanez gure hezurrak astintzeko. «Ardatzak periferian» bilatzeak dakarrena. Amets Arzallusek bere gezur txikiekin «egia transformatzera» jokatu zuen, ez ohiko distiran baina sekulako lanak utziz. Munduko gatazkei eskaintzen dien begiradatik gure mundua ulertzeko «armak» ematen dizkigula uste dut. Aitor Sarriegik, bere azken txapelketari sinadura bikaina utzi dio saioz saio eta goizeko kartzelan ere milaka euskaldunon esperientzia pertsonaletik abiatuta irakasle-geletako kortxorako mezua utzi zigun, bizitzari euskaratik emana: ezin dugula eskatu «guk egiten ez duguna».
Igorrek erakustaldi bana eman zigun goizeko zortziko zein hamarreko txikian eta puntukako saioan, elkarrizketa biziekin goia joz. Beñatek, aldiz, bakarkakoetan agertu zuen ondoen bere begirada eta bete-lana gizartearen irakurketa bihurtu zuen, hausnarketarako hariak utziz. Unai Agirrek, eskatzen genion freskuraz gaindi, ahozkotasunetik mundua deskribatzeko duintasuna agertu zuen: «horko herria Alepo / lau etxe zutik kaleko / hildakoak ere lepo»… tatuatuta utzi zizkigun.
Espero genuena modu harrigarrian egin zuen Maialen Lujanbiok. Arzallusek ez zion alferrik abestu amaieran: «lehen ere justuna hau zan»; ibilbide bati zegokion aitortza ikusi genuen askok atzoko txapeldunarengan, erkin eta jarrai, ibilbide borobilenetik erpin bila jarraitzeagatik. Denon lagun imajinario bihurtu denak, ikusezina dena lagun hurko bilakatzen digu, edo bistaratu behintzat. Zorionez, BECen imajinatu genuena ikusten jarraituko dugu, begiak zabaltzean ere; hernaniarrak bakeaz abestu zuena moldatuz: «txapela ere ez da helduko / txapela joatea da».