Sei puntuko motzean Unai Agirrerekin batera kantatu du irurarrak eta kuadrillako lagun bati bikoteak nola hitz egiten dion kezkatuta aritu dira elkarrizketan. Unaik zerbait esan beharra iradoki dio Aitorri. Saio orekatua osatu dute eta galdera irekiak planteatu dizkio Mendiluzek Agirreri: "maitasuna itsua da, itsuegia da" lehenengoan, "baina zer egin berak ez badu berdina ikusten" bigarrengoan; eta "biok esango diogu, eta erabaki behar duenak erabakiko du".
Puntutan aritu da, berriz, Maialen Lujanbiorekin. Herriko jaiotza erraldoia zaintzen lan egiten dute bi langileren paperetik kantatu dute. Ale ederrak joan dira tartean, baina ez du Mendiluzek nahi adina gozatu. Ariketa horretan goia jo dute Sustrai Colina eta Igor Elortzak. Bikote hasi berria ziren eta jende ezagunez lepo dagoen jatetxean jardun dute.
Bakarkakoan honako gaia izan du bertsotarako Mendiluzek: gaztetan ez zenuen ikasteko aukerarik izan, urteetan aurrera zoaz eta orain ikasten hastea erabaki duzu. "Ia berdin zait mekanikoa / edo sukaldaritza / bizitza honetan hastera doa / nire bigarren bizitza" bota du lehenengoan eta ideia berdinarekin borobildu du bertsoaldia hirugarrengoan: "alperrik galtzen utzi gabe / nire azkeneko aukera".
Buruz burukora pasa dira Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze.
Zortziko handian bakegileen tokian aritu dira eta zortziko txikian berriz, Maialen Aitorren lagun imaginarioa izan da. Dotore josi dituzte bertsoak.
Kartzelako ariketan berriz, bederatziko txikian bertsoa osatzeko hitza, 'izerdia' zuten bi bertsolariek eta hauxe da Mendiluzek osatu duen bertsoa:
"Izerdia, ze izerdi?
— manex_mu (@babarelefantea) December 17, 2017
Askoren galdera.
Lehenengo begiratu
besape aldera:
ni konturatu gabe
umeldu ote da?
Horko batzuenak bai,
dexente gainera!
Baina hemen norbera,
ta ze egoera,
kezka da sobera,
ta izerditzen gera.
Baina denonak ez du
balio bera!"
Aitor M. #btn17
Hiru bertso osatzeko gaia, berriz, hauxe izan dute bi bertsolariek: "bada ordu erdi auto bera atzetik duzula". Mendiluzek bigarren bertsoan horrela bota du: "Pakeak bidean darrai / ta ez dira ulertzeko gai / herigintzatik eraikitzeko / ahaleginean nabil bai / Agia hori da arazoa / ez dute eraikitzerik nahi".
Azkenean, 1.756 puntu batuta, Maialen Lujanbiok jantzi du txapela. Bigarrena du. Txapeldunordea, hurrengo lau urteetan Tolosaldekoa izango dugu: Aitor Mendiluze.
1.684,5 puntu eman dizkio epaimahaiak Irurako bertsolariari. 1137,5 puntu lortu ditu Sustrai Colina hirugarren sailkatuak eta puntu eta erdi gutxiago laugarrenak, Amets Arzallusek. Igor Elortzak 1124 puntu eskuratu ditu eta bosgarren egin du eta seigarren 1107,5 puntu eskuratuta geratu da Aitor Sarriegi. 1.076,5 puntu eskuratu ditu Beñat Gaztelumendik eta 1.072,5 punturekin Unai Agirrek egin du azkena.