Indartsu hasi du saioa Mendiluzek, Amets Arzallusekin batera zortziko handian. Igandeetan elkarrekin partekatzen duten denda ez zabaltzearen alde agertu da, hendaiarrari kontra eginez, eta arrazoi borobilak eman ditu. Bigarrenean horrela bota dio: "nik ere nahi det irabazia / kontu korrontea gora/ ta astean behin / irabaziak erabiltzeko denbora".
Zortziko txikian Irurako bertsolaria Sustrai Colinarekin aritu da. Urruñakoa arkeologoa izan da, indusketa batetik hezurrak kotxean daramatzana, eta kontrol batean gelditu du Mendiluze poliziak. Ez zaio posturarik errazena tokatu defendatzeko eta Colinak atakean bigarren bertsoan esan dio, "nik garraiatzen ditut / hezur biluziak / hori badaki zer den / zure nagusiak". Hala ere, ataka horretatik atera da Mendiluze eta bigarrengoan, "hezurdura bat dezu / kotxe barruan / hitzegiten al zuen / irten zarenean?" bota dio.
Jarri dioten bigarren puntuari, Edonori eskatzen al zaio iritzia? horrela erantzun dio eskualdeko bertsolariak: "baina edonor ez dago / ideiaz jantzia / denok nor izateko / daukagun antsia / erlatibizatzeak / badu garrantzia". Eraskustaldi bikainak egitera ohituta gauzka Mendiluzek puntu erantzunaren ariketa honetan eta oraingoan zuzen jardun du, akatsik egin gabe. Hamarreko txikiko ariketan ere zuzen aritu da, seme-alabak etxetik alde egin dieten gurasoen paperetik Beñat Gaztelumendirekin.
Kartzelakoan, zortzi bertsolariek honako gaia izan dute hiru bertso osatzeko: atetik sartu zarenean isildu egin dira denak. Mendiluzek ezin hobeto borobildu du goizeko jarduna. Urte askoren ondoren, gabon gauean afaltzera itzuli eta senitartekoen isiltasunarekin topo egin duenaren paperetik kantatu du. Horrela bota du azkenekoan: "Ez det atea giltzaz ireki / joan naiz atea jotzera / banuen baina ez naiz ausartu / giltza hau erabiltzera / behin sartu eta zera! / hau da gauaren hasera / amaia ere hauxe da. / Ez, ez kezkatu, segi hizketan / ez bainator geratzera / amari musu emango diot / eta banoa etxera".
Gai ugariri kantatu diete bertsolariek bakarkako ariketan eta Maialen Lujanbiok, heroinazale baten paperetik, etxera bueltan kantatutakoek sortu dute zirrara gehien. Beste ariketa guztietan ere bete-betean asmatu du Hernanikoak eta entzuleak eskertu dio, bertsoko, txalo zaparrada beroa eskainiz.
Erdaraz hitz egiten den ikastola bateko irakasle gelan sartzen maisuaren paperetik jardun da Aitor Sarriegi eta bere bertsoak ere asko estimatu ditu bertsozaleak. Ederki aritu da goizeko ariketa guztietan, eta irristada bakarra, akaso, lehen puntu erantzunean egin du. Gainerakoan, maisuki aritu da besaindarra.
Unai Agirre, Puigdemont bailitzan kantatu du bakarkakoan eta beharbada, ez da gainerako ariketetan bezain suelto ibili. Hala ere, Llibertat oihuak eginez amaitu du bertsoaldia publikoak, Kataluniako prozesuari elkartasuna adieraziz. Lehen finala du Agirrek, eta zortziko handian Lujanbiorekin eta zortziko txikian Aitor Sarriegirekin, bikain aritu da.
Itzaltzuko bardoaren doinua erabili du Sustrai Colinak bakarkakorako. Aurretik ere, Iruñeko finalaurrekoan, Oihana Iguarani entzun ahal izan zitzaion bukaerako agurrean. Eta agurra izan du, hain justu, Urruñakoak kantagai. Aita galdu berri duen semeak, lagunartera iristerakoan nabari duen isiltasunaz hitz egin du.
Amets Arzallusek atentatu baten ostean, beldurrez dagoen musulmandarraren paperetik kantatu du bakarkakoan. Goitik beherako saioa egin du goizean hendaiarrak eta ederki borobildu du bere jarduna. Alderantzizko bidea egin du, akaso, Igor Elortzak. Dotore hasi da ofiziotan, baina gero ez du borobiltzen asmatu kartzelako ariketan. Gaixo dagoen baten larrutik kantatu du.
Arratsaldean 16:30ean abiatuko da saioa.