Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

Aitor Mendiluze bermea da bertsotarako

Jon Miranda Labaien 2017ko abe. 13a, 07:26

Aitor Mendiluzek bosgarren aldiz kantatuko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean eta hautagaietako bat da Sebastian Lizasok jantziko duen txapela lortzeko. Ingurukoek horrela ikusten dute behintzat.

Donostiako Belodromoan lehiatu zen azken finala izan zuen Aitor Mendiluzek lehena, 2001ean. Ordutik BECen 2005ean, 2009an eta 2013an egin diren hirutan kantatu du eta igandean ariko da bosgarrenez. Bitan egin du laugarren eta beste bitan zazpigarren. Iruran bizi den bertsolariak ez du helburua postuan jartzen baino askok ikusten dute txapela lortzeko hautagai bezala. Nerea Ibarzabal, Hernaniko bertso eskolan kide izan duenak «lasai asko» ikusten du buruz burukoan, «eta egun ona badauka gertu-gertu izango du txapela». Txapelketan ez erortzeak duen garrantzia ikusita, Mendiluze balore segurua da markinarraren esanetan. «Jendeak ahaztuta balu bezala, Durangoko finalaurrekoaren ondoren konturatu zen berriro Aitor zeinen ona den».

Agin Laburu ere aritu da Mendiluzeren ondoan aurtengo txapelketa prestatzen: «Zertan ez den artista esanez gero, azkarrago bukatuko dugu. Arrazoiak zuzen eta kontundentziaz ematen ditu eta indarra du». Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Hernaniko bertso eskolan aritzen diren hiru lagunek kantatuko dute: Mendiluzerekin batera, Unai Agirre eta Maialen Lujanbiok. Taldearen lorpena ote den galdetuta Laburuk dio, landu dutela «filosofia bat», txapelketari «behar baino garrantzia gehiago ez emateko». Bat dator Hernanira iritsi berria den Ibarzabal: «Buzoa jantzi eta lanera joateko jarrera dute. Bertsoa egiteari ematen diote inportantzia eta plaza garrantzitsu batean bezala kantatzen dute txapelketan baina ahaztu gabe beste plaza bat gehiago dela».

Hezkuntza arautuan, bertsolaritza irakasten aritzen da Mendiluze eta baita Ibarzabal ere. Haren eskutik egin zuen bizkaitarrak Hernaniko bertso eskolarako bidea: «Ni ez nintzatekeen inoiz ausartuko eurena joaten Aitorren insistentziagatik ez balitz. Irakasleen arteko bilera batean elkartu eta berak luzatu zidan gonbita. Oso eskertuta nago». Taldea egiteko dohaina ere badu Iruran bizi den bertsolariak eta Laburuk nabarmendu du, askotan, berak jartzen duela taldean diziplina.

Oihana Iguaran amasarraren iritziz, «jarreraz ere, Mendiluzek hartzen du anfitrioiaren papera eta besteekiko laguntzeko posturan jartzen da. Kantukide ona da eta ez duzu inor entzungo kontrakoa esaten». Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian finalaurrekoen bi saioetan elkarrekin aritzea tokatu zaie biei, Durangon eta Iruñean: «Bertsolari bezala exijentea da, erritmo bat jarri eta bide batzuk markatzen dizkizu. Diskurtsiboki elementuak gehitzen dizkizu beti, eta uzten dizkizu zirrikituak. Erantzuten badizu ere ez zaitu sekula etzanda uzten». Maisua da bertsotan eta horrela ikusten du Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko eragileak. «Eredu da bertsotan egin nahi duen edonorentzat eta eskualdeko erreferente batek egunerokotasunean ere lanerako prestutasuna agertzen badu, ezin da gehiago eskatu».

Bertsotan ari dela azkar erabakitzeko gaitasuna nabarmendu dio Artolak Mendiluzeri, «eta gero, erabaki duena dotore esateko gaitasuna du». Harituz bertsozaleen elkargunean begiratzen diote bere bertsokerari eta Iguaranek azpimarratu duenez, «exekuzioan maisu bat da, goitik behera ekartzen baitu hizketa molde ikaragarri naturala baina aldi berean sakona. Badaki umorez egiten baina serio ere bai». Bertsoa egiteko «robota» bezala hartu izan dute askok Mendiluze eta hitz hori bera erabili du Ibarzabalek: «Akaso ez da egokiena, denak garelako pertsonak, baina Aitorren kasuan miresten dut izugarri, ni sekula izango ez naizen bertsolaria delako. Diziplinatua da, erantzun bizkorra du, ikusgarria da puntu erantzunetan, ez da inoiz jausten, ondo kantatzen du, puntu motzak nola lotzen dituen ikusi besterik ez dago. Espektakulu hutsa da». Gaiak, hitzak eta ikuspegiak «disekzionatzeko» duen abilidadea nabarmendu dio Iguaranek.

ANDOAINDIK IRURARA

Ados dago esandako guztiarekin Jokin Sorozabal andoaindarra. Herrikidea du Mendiluze eta gaztetatik ezagutzen du oholtza gainean. «Erraztasun handikoa da, ez da igual derrepente jendea algaraka jarriko duena eta hurrengoan bat ere balio ez duen bertsoa kantatuko duena. Erregularra eta konstantea da. Garantia hitza etortzen zait burura Aitorrekin gogoratuta». Bertso barrua betetzeko garaian duen «erraztasuna» ere aitortu dio Sorozabalek herrikideari, «bertsoa menperatzen du eta teknikoki ona da, gu baino koska bat gorago dago».

Orexan bizi den andoaindarra ere probatua dago txapelketetan, baina bere garaian bertsolarien artean orain baino alde handiagoak zeudela dio: «Gu ibiltzen ginen garaian, Lizaso, Peñagarikano, Iturriaga, Sarasua... aritzen ginen eta Egaña beti zen faborito, aldea ateratzen zigun». Aurtengo finala, ordea, inoiz baino irekiagoa ikusten du Sorozabalek. «Aurten ikusi ditut denak saio oso on bat egiten eta bestea ez hain ona. Hortaz, Aitor lasai-lasai ikusten dut txapela lortzeko hautagaien artean».

Andoainen, Sorozabaletik Mendiluzera ekimenarekin bi bertsolariak omendu zituzten 2014ko apirilean eta askotan egin dute bat euren jaioterriko ekitaldietan, nahiz eta Mendiluze aspaldiko urteetan Iruran bizi den. «Suerterik onena opa diot eta posible baldin bada txapela Irurara ekartzea», esan du Ana Leunda alkateak. «Ez diot presiorik sartu nahi baina asko poztuko liguke Aitorren garaipenak». Era horretara, aurretik aterata dauzkan Gipuzkoako bi txapelei 1995 eta 2007 gehitu lieke Euskal Herrikoa. Leundak ere gustura hartuko luke herrian: «Aurretik Xabi Artola irurarrak Euskal Herriko DantzaTxapelketatik bi ekarrita dauzka eta Lore Amenabar soinu jotzaileak ere hirugarren postua lortu berri du Arrasateko Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan».

BTN17-ko GAINERAKO FINALISTAK

Amets Arzallus. (Hendaia, 1983). Txikitatik hasi zen kantuan. Lau aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta hirutan Xilaba. 2013ko Euskal Herriko txapelduna da.

Maialen Lujanbio. (Hernani, 1976). 2003an Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen eta 2009an Txapelketa Nagusia. Seigarren parte hartzea du eta sei finaletan kantatu du.

Igor Elortza. (Durango, 1975). Umetan ikasi zuen bertsotan. Bost aldiz irabazi du Bizkaiko Txapelketa. Zazpigarren parte hartzea du Txapelketa Nagusian eta lau finaletan kantatu du.

Sustrai Colina. (Urruña, 1982). Hendaiako bertso eskolan egin zituen lehen urratsak. Bi aldiz irabazi du Xilaba txapelketa. Txapelketa Nagusian parte hartu duen bost alditan iritsi da finalera.

Aitor Sarriegi. (Beasain, 1976). Lehen plaza 1989an egin zuen. Lizardi eta Osinalde sariketak irabazi ditu eta 2011n Gipuzkoako txapela jantzi zuen. Hiru finaletan kantatu du.

Beñat Gaztelumendi. (Añorga, 1987). 2015eko Gipuzkoako Bertsolari txapelketa irabazita, egungo txapelduna da. Hirugarren aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian eta bigarren finala du.

Unai Agirre. (Hernani, 1975). Hamar urterekin hasi zen bertsotan, ikastolan. Lizardi eta Orixe sariketak irabaziak ditu. Bosgarren aldiz kantatu du Txapelketa Nagusian eta lehen finala du.

 

 

Entzun Aitor Mendiluzeri egindako elkarrizketa Ataria irratiko Pasahitza saioan.

Adi! Gogoratu finaleko sarrerak zozkatzen ari garela Atarikideen artean. Parte hartu hemen

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!