Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

«Nire burua arin sentitu nahi nuke eta ez lotuta»

Jon Miranda Labaien 2017ko abe. 13a, 07:55

Igandeko eguna iristeko gogoz dagoela dio Aitor Mendiluzek (Andoain, 1975). Normal pasako du astea, lanean, Gu ere bertsotan ekimenaren barruan, ikastetxeetan bertsolaritza irakasten. Bere ikasleen, Irurako herrikideen eta ingurukoen animoa jaso du azken egunotan.

Azkeneko aste hau nola biziko duzu? Bilduko zara bertso eskolakoekin?

Bildu, bai, bilduko naiz. Prestakuntzarik ez dugu ezer handirik egingo, juntatu, egon eta hitz egin, girotu azken batean. Ni tentsio puntu batekin nago, baina nahikoa lasai. Gainerakoan irakurri, gauza batzuk buruan edukiko ditut. Egin beharreko lanak eginda daude, eta eguna iritsi eta zer emateko gai garen ikusteko gogoz nago.

Bosgarren finala duzu. Helburu bezala jarrita zeneukan BECera iristea?

Ez. Ez dut inoiz postuetan helbururik jartzen. Gustatzen zait pentsatzea hori baino anbiziotsuagoa naizela eta gehiago jartzen dudala helburua emaitzetan, postuan baino. Kezkatzen nauena da bertsotan egiteko gai izatea, zerbait eman ahal izatea, jakinda hori eginez gero aukerak beti daudela.

Nola egin nahi zenuke bertsotan BECen?

Ahal bada ondo. Gero ez dakit zer egingo dugun. Durangon izan nituen sentsazioekin jardun nahi nuke, nire burua arin sentitu nahi dut eta ez lotuta. Gauzak bere tokian jarri ezinik zabiltzanean sentitzen duzun ezin hori ekidin eta freskotasun pixka batekin aritu nahi nuke. Batez ere, eroso.

Saio luzea da, exijentea bertsolarientzat.

Neurri batean kontzentratzen eta deskontzentratzen asmatzea da kontua. Ezin dituzu zortzi ordu pasa saioa ehuneko ehunean bizitzen eta momentu batzuetan abstrakzio gaitasuna ere behar duzu. Ariketa batetik bestera denbora dezente pasako zaizula kontuan hartuta, zure burua lasaitzeko baliatu behar duzu tarte hori. Klabe garrantzitsua da hori. Gero fisikoki gogorra izaten da, eta bizkarreko minez bukatuko dugu, baina tira, tamainari eustea da inportantea.

Ariketaren bat gustuko duzu?

Final polita da ariketei begiratuta ere. Txapelketan ez da esperimentu arraro gehiegi izaten eta hori eskertzen dugun gauzetako bat da, ez ibili behar izatea soka baten gainean ariketa tekniko hutsalak egiten eta aukera izatea kontatzeko, kantatzeko eta gozatzeko. Ariketek aukera hori ematen dute, norberak bere burua probatu ahal izateko eta monotonia apurtzeko. Aniztasun hori eskertzen da.

Unai Agirre aurten ondoan izango duzu. Zer opa diozu?

Finalean neu sartzea bezainbesteko edo gehiagoko poza eman zidan bera sartzea. Iruñean Unaiena denontzat sorpresa bat izan zen, beragandik hasita. Gure artean ere ikusten genuen ondo ari zela eta sekulako poza hartu genuen sartu zenean. Neurri batean, neuri buruari opa diodan berdina opa diot: bertsotan egin dezala, goza dezala plaza horretan eta gozarazi dela plaza hori. Gai da, gauza oso politak eskainiko ditu eta kolore berezia emango dio finalari. Izan dezala horretarako aukera eta aprobetxa dezala.

Bere ondoan nahiko zenuke?

Ondoan egongo gara gauden postuan gaudela ere. Egunak momentu ezberdin asko emango ditu. Ondoan eseriko bagina ederki baina beste edozein kideekin gustura egongo naiz.

Nola prestatu duzu igandeko eguna. Zer espero duzu?

Bezperatik etorriko gara BECera. Bilbon badut beste zeregin txiki bat eta lasaiago ibiliko gara gaua bertan pasata. Jendeak gertu bizi du eta gertu sentitzen dugu guk ere jendea. Ikasleek, inguruko jendeak animoak eman dizkit egunotan. Azken batean, zabaltzen da halako ilusio orokor bat final ona izan dadin, bakoitzak bere faboritoa izateaz gainera. Horrek eragiten du denak ere animatzea: guk elkar, guk gure burua eta inguruak gu denok.

Entzun elkarrizketa Ataria irratiko Pasahitza saioan.

Era berean, gogoratu finaleko sarrerak zozkatzen ari garela Atarikideen artean. Parte hartu hemen

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!