Bertsolari Txapelketa Nagusia 2017

«Iruditzen zait, ez galtzera joatea dela galtzeko lehen pausoa»

Ataria 2017ko aza. 17a, 07:18

Herenegun (H)ari naizela irratsaioan izan zen Irurako bertsolaria Durangoko finalaurrekoa irabazi eta gero, saioari errepasoa eman eta abenduaren 2ko hitzorduari begira

Bitan irabazi du Gipuzkoako txapela eta lau aldiz izan da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista. Oker handirik gabe, BEC-en bosgarren aldiz izango da Aitor Mendiluze (Andoain, 1975), abenduaren 17an.

Erraz esaten da: 740,5 puntu.

Neuk entzun erraz egin nuen, asimilatzea pixka bat gehiago kostatu zitzaidan. Harritu nintzen. Bertigo puntu bat eman zidan.

Zein gorputzaldi izan zenuen igandeko saioan?

Egunean bertan sentsazio ona izan nuen. Plaza zoragarri zegoen, bi milatik gora lagun, bero. Eroso aritu nintzen. Taldea ere lanerako gogoz zegoen, saioa aurrera ateratzeko asmoz. Eta bertsotan hasi eta gero gustura egon nintzen oholtzan, lekuaren jabe.

Orain arte ez zara txapelketan plazaratu. Itxaronaldi hau zer moduzkoa egin zaizu?

Hasieran atsegina, polita. Kantu kideak, lagunak, hor sartzen ikustea eta haiekin batera lan egitea ederra izan da. Azken hiru asteak luzeagoak egin zaizkit, final-laurdenetatik hona.

Bosgarren finala eskatzen zaizu oholtzapetik. Zuk zeure buruari eskatzen al diozu?

Ez eta bai. Ez, ez dudalako helburu bezala jartzen. Eta bai, gustatuko litzaidakeelako, noski. Aurreko txapelketak erakutsi dit norberetik eskaini gabe iristeak traba bat suposatzen duela jendearekiko komunikazioan eta norberari ere ez diola esperoko lukeen sentsaziorik ematen. Nik neure buruari finalean egoteko moduko jarduna egitea eskatu diot. Jakinaren gainean nago hori lortuz gero, finalean egoteko aukera izan dezakedala. Ez dut ukatzerik, saio hau eginda eta dudan puntu kopuruarekin desastre handi xamarra egin beharko nukeela ez pasatzeko eta hala egiten badut, ez pasatzea hobe. Baina espero dugu deskalabru handirik ez gertatzea.

Ofizio guztietan elkarrizketa bat osatu nahia sumatu zitzaizun.

Bere berezitasun guztiekin, baina txapelketa bertso saio bat da eta bertsotan egitera joan nintzen Durangora, niri gustatzen zaidan bezala. Ondoan jarri, entzun eta 'bien artean egin behar diagu' pentsatuz eta ez 'hik hirea eta nik nirea'. Entzun eta erantzun, ahal den neurrian.

Zure abiadura nabarmendu dute askok elkarrizketa askotan.

Saio normal bateko tempoetan ibili nahi izan nuen. Irudipena dut, ez dutela denek horrela jokatu eta beharbada batzuengan gehiegi nabarmendu dela hori. Patxada eza ezkutatzeko balio du, askotan, mantsotasunak. Bakoitzak bere estiloa du, eta zenbait kasutan ekarpen bat izan daitekeen arren, nire kasuan ez. Ez nintzen bereziki azkar kantatzera joan, baina plazako jarrera batekin bai: etortzen zitzaidan bezala bota.

Zer iruditzen zaizu sare sozialetan eta komunikabideetan txapelketaren inguruan sortzen den xextra?

Lehen barra ertzean trago bat hartuz egiten zena orain sare sozialetan egiten da. Zabalkundea ez da, ordea, berdina. Tabernan lau lagunei esaten diezu eta sare sozialetan bidalitakoa milaka lagunek ikusten dute. Besterik da, batzuk ez direla iritzia ematera joaten norbait kritikatzera edo probokatzera baizik. Kasu batzuetan, gainera, bere izen abizenik jarri gabe. Hori, koldar izatetik gertu dago.

Komunikabideetan iritzi emaile gutxi ikusi ditut eta iritzi tiratzaile asko; jaurti egiten dute euren ustea eta mamitu gabe botatzen dute iritzia. Mugimendu hau antolatzeko batzuk egiten duten ahalegina egin eta gero, besteek zernahi esateko zilegitasun hori eskuratzea pena da. Baina ez dago gure esku. Hori iritzia eskatzen duen komunikabideak neurtu behar du eta batez ere, hartzaileak ikusi behar du zenbateraino sinesgarritasuna ematen dion. Gauza politƒ eta interesgarriak entzun dira, ekarpenak eta kritikak, positiboan eta negatiboan. Eta gero zabor mordo bat ere bai.

Igandeko zure saioa, bertso eskoletan erakutsi beharko litzatekeela esan izan dute. Ados zaude?

Asko esatea da. Baina badago jarreran zerbait, beharbada polita litzatekeena transmititzea. Ez nire jarduna bakarrik, guztionak erakutsi dezake zer eta noraino diren gauzak estutzekoak eta nola egon daitekeen bat oholtza handi batean.

Puntu erantzunen ariketan jo zenuen goia.

Beti gustatu izan zaidan ariketa da. Saioetan ere maiz egokitu zait. Bertigo sentsazio horrengatik dut gustukoa. Ez dago etxetik ezer ekartzerik, bertsogintzaren muin-muineko ariketa bat dela uste dut. Bestalde, iruditzen zait, ez galtzera joatea dela galtzeko lehenengo pausoa. Bertsoaren hasiera ez dago zure esku, ezin zara bukaera pentsatuta hasi, beraz, 'hik jarri iezadak eta ahal dudana egingo diat'. Horixe da.

Aho zapore txarrarekin geratu zinen bakarkakoan?

Bai, baina erlatiboki. Bigarren bertsoan trabatuta ibiltzea anekdotikoa izan zen niretzat, ez nion garrantzirik eman. Ez dut uste lan txarra egin nuenik, beharbada ez nintzen iritsi aurreko ariketen mailara. Ez nintzen drama bat egitera joan, gauza sinple bat egin nahi nuen, positiboan. Baina geroz eta gehiago konturatzen ari naiz, historia bat antolatu behar horretatik ihes egiten dudala, batzuetan ez zaidala erakargarri suertatzen. Sentsazioetan gelditu nintzen gehiago, nire baitarako hizketan eta ez besteei ezer esaten. Gehiagotan ere gertatu izan zait, ez nahita bila joan naizelako, horrela atera zaidalako baizik.

Hautagaietako bat zara txapelarako?

Ez dut nire burua gehiegi estutzen. Ez da gauza bat bereziki tentatzen nauena. Finalera joaten banaiz ez naiz txapela bila joango, bertsoen bila baizik.

Iruñerako zein asmo?

Uste dut, finalerako sailkatzeko 690 puntu nahikoa izango banitu ere, 3.500 lagun biltzen badira Anaitasunan gure onena eman behar diegula. Nik ez dut konformatu nahi izaten sekula, unean unekoa ematen saiatzen naiz. Gero gerta daiteke zortzi poto egitea, baina ez dadila izan saiatu ez naizelako. Gainera Iruñekoak baditu beste osagai batzuk: hiru saioetatik larunbatean jokatuko den bakarra da, euskararen eta Nafarroako egunaren bezpera, jai handi bat dago saioaren ondoren... Egun ederra izateko aukera asko dago.

2001eko Txapelketa Nagusitik izen dantza gutxi izan da parte hartzaileen artean.

Multzo bat nahikoa egonkor ari da azken urteetan. Plazan, ez dut uste horrela denik. Hor gaudenak bagabiltza plazetan, baina badira beste hainbat bertsolari nik baino saio gehiago egiten dituztenak, BEC-era iritsi gabe ere. Plaza anitzagoa da zentzu horretan, zorionez. Batez besteko adina altu xamarra du txapelketa honek. Horrek esan nahi du, multzo kontsolidatu bat badagoela urte dezente daramana lanketa handi bat egiten eta maila bat eskaintzen. Azken batean, lan egin nahi duen talde bat badago, bere jarduna beti orrazten jarraitu nahi duena eta epe ertainerako segida duena.

Belaunaldi horretako kide batzuk txapelketa utzi dezaketela zabaltzen ari da.

Nik ere entzun ditut horrelakoak. Batzuk sujerentzia egin dute. Errespetagarria iruditzen zait, eta pozgarria, lehia bere mailaren puntu altu batean utzi eta plazan jarraitu ahal izango dutelako. Erabat logikoa.

 

 

Igandean, finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa Amurrion

 

Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Sei bertsolariak oholtzaratuko dira Bañueta kiroldegian etzi. 17:00etan hasiko da saioa eta ateak 15:30ean irekiko dira. Aurrez sarrerak amaitu ezean, egunean bertan ere zabalduko da leihatila 15:00etan.


Saioaren aurretik, Bertso Udalekuetan hezitzaile aritutako hainbat lagun elkartuko dira bazkaltzeko eta Bertso Udalekuen 20.urteurrena ospatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!