Laskibarko N-1eko autobus geltokia ez da berriro erabiliko

Ataria 2017ko uzt. 8a, 16:29

Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, 24 ordutan alta jasoko dute ingresatuta dauden hiru pertsonak.

Kamioi bat eta autobus baten arteko atzoko istripuaren ondoren, kendu egin dute eta ez da gehiago erabiliko Irurako Laskibarko autobus geltokia, N-1 errepidean bertan dagoena, Tolosa eta Donostia bitarteko zerbitzuak erabiltzen duena. Behin behineko geltokia ondoko industriagunean jarriko da, eta datozen egunotan erabakiko da non jarriko den behin betiko autobus geltokia. Gasteizko noranzkoan N-1ean dagoen pareko autobus geltokia ere bertan behera utzi dute.

Ana Leunda Irurako alkateak batetik elkartasuna adierazi die istripuan zauritutakoei eta bere familiei. Bestalde, kexu azaldu da: "Zerbait gertatu behar izan da irtenbide bat bilatzeko". Leundak gaineratu duenez, "orain urtebete izan nintzen diputazioan autobus geltokia N-1etik ateratzeko eta industrialdean jartzeko, baina denbora honetan ez da ezer egin. Eskerrak istripuan ez dela larritasun handiko zauriturik izan".

 

EH Bildu: "Neurriak hartu behar dira"

Atzoko istripuaren ondoren, Gipuzkoako EH Bilduk ohar bidez azaldu du, "ezinbestekoa" dela "administrazio publiko ezberdinetako agintariei ardura eta berehalako neurriak hartzea eskatzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Garraio publikoko erabiltzaileen, gidarien eta herritar guztien segurtasuna bermatzeko ardura erakunde publikoena da".

Koalizioak gogora ekarri du Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak otsailean Foru Aldundiari igorritako oharra Irurako autobus geltokiak "sortzen zuen arriskuaz". Marisol Garmendiaren erantzuna "ardura bere gainetik" kentzea izan zela diote koaliziotik, gai hori gobernuko beste foru diputatu baten eskumena zela adieraziz. Idatzi horretan, EH Bilduk azaldu duenez, Garmendiak txosten bat eskatuko zuela adierazi zuen, "erakunde eskudunei beharrezko diren segurtasun arloko hobekuntzak eska diezazkien, beharrezkoa bada, behintzat”.
Hilabete hauetan, segurtasun txosten horren berririk ez dutela izan esan dute EH Bildutik, eta Aldundiak ez duela "inolako neurririk" hartu. "Horregatik, azalpenak eskatuko dizkiogu Foru Gobernuari, eta presazko neurriak hartzea Irurako autobus geltokiko segurtasuna bermatzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!