Hamazazpi zauritu kamioi bat eta autobus baten arteko istripuan

Ataria 2017ko uztailaren 7a

N-1 errepidean gertatu da istripua, Irura eta Villabona artean. Tolosa eta Donostia arteko zerbitzua egiten duten TSST lineako autobus bat geldirik zegoen, Laskibarko geltokian, eta kamioi batek atzetik jo du Segurtasun Sailaren arabera. Ondoren, kamioiak su hartu du. Eztandak Iruratik entzun dituzte, "kea eta erre usaina" Tolosaraino iritsi da. Hamazazpi zauritu daude, horietako bat larri Segurtasun Saila berak esan duenez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera 20 bidaiari zeuden autobusean istripuaren unean.

Bi garabi lanean daude bertan, eta errepidea garbitzeko lanak luze joko dute, Tolosaldeko Ataria-k jakin duenaren arabera. Donostiarako noranzkoan erabat moztuta dago trafikoa, eta auto ilara luzeak daude. Trafikoa Iruratik desbideratu dute. Villabona aldera joateko Alkizatik bideratu dute zirkulazioa, auto ilarak sortuz. Gasteizerako noranzkoan irekita dago N-1 errepidea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!