«Maite Zuñigak nire adinean marka hori egin zuela pentsatu nuen»

Asier Imaz 2017ko ots. 9a, 08:02

Iragan igandean Euskadiko Kros Txapelketa irabazi zuen Maria Lasak Bizkaian. Urtarrilaren 28an, ordea, handia egin zuen Irurako jubenilak, Gipuzkoako Pista Estaliko Txapelketan: Maite Zuñigaren eskuetan 36 urte zeramatzan marka hautsi zuen 800 metrotan.

Bigarren urteko jubenila da Maria Lasa (Irura, 2000). 1,66 zentimetroko altuera du, eta 53 kilo pisatzen ditu.

Euskadiko pista estaliko errekorra lortu zenuen Gipuzkoako txapelketan, 800 metrotan. 

Berez ez geunden jende asko lasterketan. Besteen markak ikusiak nituen, eta ez zegoen inor nire aurretik. Orduan azkar ateratzea erabaki nuen; ahal nuen guztia ematera joateko. Neska bat aurretik atera zitzaidan, bizi, eta lehen 100 metroak bere atzetik egin nituen. Gero aurreratu eta bide osoa aurretik egin nuen. Egia esan nahiko erritmo erosoan joan nintzen. Helmugara iritsi eta denbora ikusi nuenean, ez nekien errekorra egin nuenik. Nahiko marka ona zela pentsatu nuen.

Zurea behintzat gainditu zenuela ikusiko zenuen. 

Pista estalian lehengo urtekoa baino bi segundo hobea zen. Baina aire librean, marka hobea egina daukat.

Noiz jabetu zinen errekorraz? 

Harmailetara joan eta marka ona egin nuela esan zidaten. Gero luzapenak egiten ari nintzenean, taldekide bat etorri zitzaidan Gipuzkoako errekorra egin nuela esanaz. Ondoren entrenatzaile batek baieztatu zidan hori. Berriro harmailetan, Euskadikoa zenbatean zegoen ikusten hasi ginen, eta orduan konturatu ginen Euskadikoa ere bazela.

Duela 36 urte Maite Zuñiga delako batek jarritakoa hautsi zenuen. Eibartarrak 2:14ean zeukan, eta zuk 2:13:39an jarri duzu.  

Bere marka zela orduan esan zidaten; nire adinean marka hori egin zuela pentsatzen aritu nintzen.

Ezagutzen al zenuen Zuñiga?

Izenez bai. Errekorra berak zuela ere banekien, baina ez denbora.

Besteak beste, hiru olinpiar jokoetan egon den atleta. Eta zuk bere marka hautsi duzu.

Bai, baina ondorengo urteetako bere markak ikusten dituzunean, konparaketa hortxe uztea hobe.

Batek daki. Bilakaera kontua izan daiteke.  

Bai, horrela ere pentsa daiteke, baina... [barreak].

36 urte iraun dituen marka hautsi baldin baduzu...

Aurrekoan batek esaten zidan bezala, ezta? 36 urte egon baldin bada, ea beste horrenbeste egoten den [barreak].

Pista estalia eta irekia. Zein da desberdintasuna?

Estalian 200 metroko pista da, inklinazioarekin. Donostiakoak oraindik eta gehiago, gainera. Ondorioz, itzuli gehiago eman behar izaten dira, eta aurrera pasatzeko toki gutxiago izaten duzu. Librean zuzengunea luzeagoa denez, denbora gehiago izaten duzu aurreratzeko.

Zein duzu hurrengo erronka?

Martxoaren 11-12an izango den Espainiako Txapelketa.

Jubenilen markak begiratzen jarrita, pista estalian, 1999ko Esther Desviat-en marka aurkitu dut: 2:09:27. 

Aire librean egiteko oso zaila, baina pista estalian, ia ezinezkoa.

Espainiako aurkari izango direnen denborak ikusi al dituzu? 

Momentuz bigarren nago sailkapenean. Hilabete falta da, eta markak hobetzen joan daitezke. Burgosko Laura Casaresek du markarik onena, baina ez dit segundo bat ateratzen. Hirugarrenari, aldiz, bi segundo ateratzen dizkiot. Baina lehen esan bezala, hilabete geratzen da. Gero, denbora onarekin joateak ez du ezer esan nahi. Pista estalian lasterketa oso estrategikoa izaten da, eta zortea ere kontuan hartu behar da. Denetik pasatzeko aukera dago.

Zein izango da zure estrategia Pista Estaliko Espainiako Txapelketan? 

Badakit Casares lasterketa azkar bat egiteko gai dela, eta nire ustez, niri hori komeni zait. Hasieran denbora pixka bat ateratzea, gero esprinta ez jokatu behar izateko.

Erbi lanak egiten jarriko al duzu inor? 

Ez. Bakoitzak bere lasterketa egiten du. Lehenik finalerdia izaten dugu, eta gauzak ez baldin badira gaizki joaten, hurrengo egunean finala. Zortzi denbora onenak pasako dira. Normalean Espainiakoan ez da marka onik egiten, bezperan beste lasterketa jokatuta iristen baitzara finalera.

800 metroko probaz ari gara hizketan, baina krosean ere ibiltzen zara. Zein da zure bilakaera?

Lehen beste entrenatzaile batekin ibiltzen nintzen. Ikastolan hasi ginen atletismoan, eta berak betidanik hesiak egin zituenez, 300 metro hesietan hasi nintzen. Baina denetik egiten genuen. Txikitan krosa ez zitzaidan batere gustatzen, baina ondoren gustua hartu nion. Pistan 500 metroak egiten ere ondo sentitzen nintzenez, hesi motzak utzi eta luzeekin hasi nintzen. Ondoren etorri ziren 800 metroak, eta 1.500ean ere probatu dut, nahiko marka ona eginaz.

800 metroetako markak, pixka bat horra tirako dizu, ezta? 

Bai, baina 400 hesietan eta krosean ere gustura ibiltzen naiz. 800 metroak gogorrenak direla esango nuke. Bi buelta eman behar dizkiozu pistari, baina ez zoaz batere mantxo. Iraun egin behar duzu, eta zeure burua kontrolatzen jakin behar duzu. 300 metroren faltan husten baldin bazara, azken metroetan zureak egin du.

Ingurukoek zer esaten dizute?

Etxekoek lasai hartzeko esaten didate, eta amonak ez itotzeko. Lasterketa aurretik beti aholku bera ematen dit.

Eta arrazoia izango du, ezta?

Bai, baina gero bera da lehia baten aurretik beti kandela pizten duena [barreak].

Gauzak lasai hartzeko esaten didate ingurukoek. Gurasoen aldetik ez dut inoiz presiorik izan, beste askotan ikusten den bezala. Entrenatzaileak ere gauza bera esaten dit: oraindik denbora dagoela. Ez dit inoiz ezer debekatu, ez gauez irtetea edo janariarekin ez dakit zer egitea. Oraindik gaztea naiz, hori argi daukat, eta aurrera jarraitzen baldin badut, oraindik urte asko geratzen zaizkit.

Erlazionatuak

Asteburuko emaitzak

Ataria 2017 ots 09 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!