Euskal Herria eta Irura mundura zabalduko dira datozen egunetan

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 30a, 20:25

Gaur hasi dituzte Euskal Herria Munduan jardunaldiak Iruran; eta Euskal Herria egunarekin emango diote amaiera larunbatean, egun osoko ospakizunarekin.

Munduan barrena dabiltzan bi musikari irurarrekin ekin diete, gaur, Euskal Herria Munduan jardunaldiei Iruran, eta datozen egunetan ere tailer, hitzaldi eta ospakizun eguna izango dituzte jardunaldien barruan.

Aipatu bezala, Irurarrak Munduan: hitzaldi musikatua izan dute jardunaldiei hasiera emateko, eta horretarako munduan zehar dabiltzan bi irurarren testigantzak jaso dituzte. Batetik, Lore Amenabar soinu jotzailearena, eta bestetik, Iñar Sastre piano jotzailearena.

Bihar garbigailuko xaboia eta xaboi gogorra egiteko tailer bat izango dute Fatima Garciak eskainita, eta asteazkenean Unai Apaolaza izango da Iruran, independentzia hizpide izanik. Hala ere, ospakizun egunik handiena larunbaterako utzi dute, Euskal Herria eguna ospatuko baitute egun osoan zehar; tartean ikurrina ere omenduko dute.

EUSKAL HERRIA MUNDUAN JARDUNALDIAK

Maiatzak 31
18:30. Gure bizitzaren autogestioa: jaboia egiten ikasteko tailerra. Fatima Garciaren eskutik, plazako ikastolako gela borobilean. Izena ematea: EHMundua@gmail.com.

Ekainak 1
18:00. Independentismo berria: abertzaletasunetik haratago hitzaldia eskainiko du Unai Apaolazak, plazako ikastolako gela borobilean.

Ekainak 4, larunbata
10:00. Txirrindulari lasterketa umeentzat, kultur etxe aurrean.
11:30. Slackline tailerra udaletxe atzean.
12:30. Kalejira eta poteoa Gareseko erraldoiekin, San Miel plazatik.
13:30. Ikurrinari omenaldia.
14:00. Herri bazkaria plazan.
Ondoren. Kantaldia Irurako Eguzki-goxo abesbatzarekin.
18:00. Jolasak plazan ume eta helduentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!