Kaskaillu plazako parkea lehenesten du udal gobernuak, zonalde horretan ez dagoelako eraikin estalirik. Honenbestez, "erabiltzaileei ongizatea ematea eta plazak dinamizatuz, udalerriko zonalde guztiak biziberritzea" du helburutzat.
Irurako guraso talde batek aurkeztu duen eskabideari erantzunez, udalak kaleratutako oharraren arabera, "San Migel plazan eta inguruetan gune estaliak daude: elizaren ataria, txiki-park eta trinkete-frontoia".
San Migel plazako parkea bi udal eraikinen artean kokatuta dago. Irurako ikastolak hartzen ditu eraikin horiek eta 2017ko urtarrilerako libre uzteko konpromisoa hartua du. Udal gobernuaren iritziz, "une egokia izan liteke hori zonaldea berrantolatzeko, eraikin horiei erabilera berriak emanda eta, era berean, bien artean dagoen haur parkea estaltzeko aukera aztertzeko ere. Gobernuak ez du inongo unetan esan ez duela parke hori estaliko".
Irurako Udalak hitz eman du, azterketa hori egingo duela eta bizilagunak une oro jakinaren gainean izango dituela. Bien bitartean, "gobernu programaren 8. puntuan jaso genuen bezala, udalerriko haur txikienek erabili ohi duten Kaskaillu plazako parka estaltzeko konpromisoa berresten dugu", dio udal gobernuak.