Siriako errefuxiatuen aldeko janari bilketa

Ataria 2016ko maiatzaren 6a

Siriako gatazkatik ihes egiten ari direnen egoera larria ikusita, Irurako herritar talde batek, Irurako Ikastolaren eta udalaren laguntzarekin, janari eta haurren ongizaterako produktuen bilketa egitea erabaki du.

Bildutako guztia Intxaurrondoko Elkarte Gastronomikoari emango zaio. Elkarte honek, Greziako Chios irlara iristen diren errefuxiatuei elikatzeko jangela solidarioa antolatu du. Egunero-egunero 1.200 pertsonak baina gehiagok jaten dute “Zaporeak-Sabores” proiektuari esker. 

Siriako gerra inoizko errefuxiatu eta desplazatu gehien eragiten ari den gertaera historikoa da. Milaka pertsonek, euren familia eta duten guztia utzi eta ihes egin behar izan dute. Komunikabideetan ia egunero ikusten dugun moduan ordea, errefuxiatuek oztopo latzak dituzte Europan sartzeko. Gainera, Europako mugetan bizi duten egoera tamalgarria da benetan.

Era guztietako produktuak bilduko dituzte: tea, olioa, garbantzuak, zopak eta haurrentzako esnea hautsean eta potitoak jasoko dira, besteak beste. Eta umeentzako toailatxo hezeak, kremak eta bodiak ere eman daitezke. Ikastola berrian –idazkaritza alboan–, udaletxeko harrera bulegoan eta udal liburutegian entregatu ahal izango dira produktuak, maiatzaren 9tik 23ra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!